Síguenos en redes sociales:

Biharko erabakia

ez da kontua gazteek etorkizunean zer egin nahi duten edo zer egiteko gaitasuna duten; zein eraldaketetan parte hartuko duten. Kontua da, ustez gustukoak dituzten ikasketak egiteko zein bide hartu behar duten jakiteko, ia-ia ingeniaritza bat ikasi behar dela.

Aurreko astean izan dugu, suposatzen dut ikastetxe gehienetan bezala, batxillergoa ikastera doazen ikasleen gurasoentzako orientazio-bilera. Bertan azaldu zaigu ikasleekin zein nolako lana egiten ari den ikastetxea (ikasleei zuzendutako orientabideak eskaini, unibertsitatean dauden ikasleekin topaketak antolatu, ikasleen indarguneak eta ahuleziak antzeman, etab.) eta hemendik aurrera hartu behar dituzten erabakien aurrean zein nolako bideak eta eskaintzak dauden.

Guri erabaki bera hartzea egokitu zitzaigunean kontuak errazagoak ziren (nahiz eta erabakia hartzea beti den zaila, beti gelditzen baitzaizu uzten dituzun aukerak baztertu izanaren sentsazio hitsa). Gaur egun, zorionez, aukerak askoz ere zabalagoak dira baina goi mailako ikasketak egiteko baldintzak edota lortu behar den nota eta atera behar diren batez bestekoak prestatzeko egin behar diren kalkuluak benetan dira konplexuak. Areago dirudi daukagula sistema bat unibertsitaterako sarbidean arrakasta izateko matematika ariketak egitera bideratua, ikaslearen benetako konpetentziek bihar edo etziko gure gizartean zein rol jokatuko duten eta nola garatuz eta egokituz joan beharko duten aztertzera zuzendua baino.

Gaur ezagutzen ez ditugun ikasketa eta espezializazioetan jardun beharko duten gazteei zuzendutako aurre-orientazioa oso ikusmira laburrekoa ematen ari garela dirudit. Gazte hauen balio nagusiak zientziaren aplikazio anitzetan eta pertsonaren harremanetarako gaitasunetan oinarrituko direla jakinik, nago, oraindik datuak eta datuak biltegiratzeko sistema are eta konplexuagoak nola egituratu pentsatzen jarraitzen dugula.