Ernesto Valverdek ondo baino hobeto ekian zelakoa izango zan Espanyolen aurkako partidua. Lehia latza izango zala iragarri eban entrenatzaileak barikuko prentsaurrekoan. Eta benetan latza, takarra, izan zan perikitoen aurkako norgehiagokea. Javier Agirrek ederto planteau eban zuri-gorrien aurkako lehia, Luis Enriquek aste bete lehenago egin ebanaren bidetik, eta bete betean asmatu eban. Balaidosen gertatu zan lez, Athleticek ezin izan eban jokatu guran dauen moduan, Espanyoleko jokalarien presinoa itogarria eta ondo egindakoa zalako. Zuri-gorriek arazo itzelak eukiezan baloia jokatuta atarateko. Mikel San Jose eta Erik Moran ez ziran fin ibili Ander Iturraspe ordezkatzeko orduan. Hori gitxi balitz, Sergio Garciak, zoratu egin zituan Athleticeko atzelariak. Aurrelariak erakustaldi ederra emon eban San Mamesen. Batzuren ezinari besteen eraginkortasun bikaina gehituta heldu zan denporaldiko lehen porrota San Mamesen Ligan. Aurkaria Athletic baino gehiago izan zan eta kitto.

Ligea amaitzeko hamalau jardunaldi geratzen dira eta gaur egun argi eta garbi dago Athleticen helburua ez dala Europarako sailkatzea bakarrik. Hurrengo denporaldian Txapeldunen Ligan jokatzeko aukerea emoten dauen laugarren postuan amaitu gura dau talde zuri-gorriak. Helburu horrek handitu egiten dau exijentzia maila. Beste era batera esateko, Athleticek ezin dau partidurik galdu San Mamesen. Valverderen taldeak puntu bi baino ez dauz lortu azken hiru jardunaldietan. Ganera, zuri-gorriek azken partidu bietan emondako itxurea ez da bape ona izan. Celtak zein Espanyolek asmatu egin dabe Athleticen jokoa gelditzeko orduan eta bilbotarrek ez dabe erantzuteko gaitasunik erakutsi. B planak ez dau funtzionau edo ez da B planik egon.

Espanyolen aurka galdu izana kolpe gogorra izan arren -sailkapeneko bosgarrena zazpi puntura izteko aukera bikaina galdu dabe zuri-gorriek- Athleticen egoerea hobetu egin da aurreko jardunaldiagaz alderatuta. Partidu bat gitxiago geratzen da Ligea amaitzeko eta eutsi egiten deutso lau puntuko aldeari. Ganera, Valverdek partidua amaitu ostean esan eban lez, sarritan partidu bat galtzea ondo etorten da etorkizunera begira. Entrenatzaileak garrantzi handia emon eutsan Real Madrilen osteko sei partiduei. Bi jokatu ditu Athleticek ordutik eta bata bardindu eta beste galdu egin dau. Hurrengo lau jardunaldietan zuri-gorriek hiru partidu jokatuko ditue etxetik kanpo -Betis, Vila-real eta Valentzia- eta Granada hartuko dabe etxean. Azken jardunaldietan gertatutakoak argi erakutsi deusku Athletic gauza dala txapelketako hiru talde handiei aurre egiteko, baina galdu egin leikela edozein aurkariren kontra bere mailea jausten badau. Athleticek lan bikaina egin dau orain arte baina biribildu egin behar dau. Celta eta Espanyolen aurka gertatutakoa ondo aztertu behar dabe Valverdek eta bere mutilek barriro gertatu ez daiten, ez behintzat Txapeldunen Ligarako sailkatu gura badabe. Ligea domekan hasiko balitz lez ekin behar deutse lehoiek Betisen aurkako partiduari.

Carlos Gurpegi protagonista izan zan Espanyolen aurka. Nafarrak sartu eban bardinketaren gola eta zaleriak sekulako txalo zaparradea eskeini eutsan hamazortzigarren minutuan. Une ederra izan zan. Edozelan be, aspaldian San Mamesen isilune luzeegiak eta hotzegiak egoten dira. Espanyolen aurka be zaleak isil-isilik egon ziran tarte askotan eta esan beharrik ez dago taldea makal dabilenean inoiz baino gehiago behar dauela zaleriaren babesa eta berotasuna.