Geldiro-geldiro, txiri-txiri edo apurka-apurka, Athleticek aurrerapausuak emoten jarraitzen dau. Aitortu beharra dago Ernesto Valverderen taldeak aspaldiko partidurik makalena jokatu ebala Balaidosen. Celtaren aurkako norgehiagoka jokatu aurretik, Kopako partiduan gertatutakoa gogoan izanda eta taldeak azken partiduetan erakutsitako maila ona kontuan izanda, Athletic zaleok aukera bikaina ikusten genduan garaipena eskuratu eta aurkari zuzenekiko aldea zabaltzeko. Partidua zelakoa izan zan ikusita, ostera, guztiok ontzat emon genduan lortutako puntua. Oso garrantzitsua da holako partiduetan sufriduten jakitea eta esku hutsik ez itzultzea. Hamabost jardunaldi geratzen dira Liga txapelketea amai-tzeko eta etxetik kanpo puntu bat eskura-tzea ez da txartzat jo behar. Are gitxiago aurkari on baten aurka eta zelaiaren egoera txarra kontuan izanda.

Celtaren aurkako partiduak ezustean harrapau gintuen. Osasuna, Atletico Madril eta Real Madrilen aurkako partiduetan Athleticek emondako maila bikaina ikusita, zuri-gorriak faborito garbiak ziren Balaidosen. Ganera, talde biak denporaldi honetan alkarren aurka jokatutako hiru partiduetan, zuri-gorriak nagusi izan ziren guztietan, Balaidosen jokatutakoan galtzaile izan arren. Astelehenean Athleticek Vigon aurkitu eban lehiakideak, ostera, hobekuntza nabarmena izan dau eta ez dauka zerikusirik Liga hasierakoagaz. Luis Enriquek ederto planteau eban partidua eta ito egin eban zuri-gorrien sormen lerroa. Valverdek partidua amaitu ostean aitortu eban lez, aurkariaren hain aurrean presionatzeak ezustekoan harrapau zituen eta jokatzeko modua aldatu eragin eutsen. Ondorioz, Athletic aurkariaren mendean ikusi genduan aspaldiko partez, bere betiko jokoa egin ezinik. Alde horretatik, azpimarratu egin behar da Celtaren lan ona. Edozelan be, zuri-gorriek ez eben galdu eta partiduaren azken zatian aurkariaren atea zulatzeko zorian egon ziren. Balaidosen puntu bat eskuratu izana baloratu egin behar da. Etxetik kanpo puntu bat eskura-tzea ondo dago. Hori bai: etxean ezin da huts egin. Ez behintzat, datorren denporaldian Txapeldunen Ligarako txartela eskuratu gura badogu. Domekan irabazi egin behar jako, bai ala bai, Javier Agirreren Espanyoli.

Vigon lortutako puntua ontzat emon arren, esan beharrik ez dago Athleticek asko hobetu beharko dauela bere jokoa etxetik kanpoko partiduetan. Betis, Valen-tzia edo Vila-realen aurkako lehiak ez dira Balaidosekoa baino errazagoak izango. Dagoeneko, lehen mailako taldeek badakie zelan jokatzen dauen Athleticek eta zelako garrantzia daukan Ander Iturraspek erasoko jokoa sortzeko orduan. Hau da, baten baino gehiagotan behartuko dabe talde zuri-gorria luze jokatzen eta holakoetan Balaidosen baino hobeto erantzun beharko dabe Valverderen gizonek. Ligea amaitzeko hamabost jardunaldiren faltan inork ez dau ezbaian ipinten Txapeldunen Ligarako txartela eskuratzea dala zuri-gorrien jomugea. Helburu hori betetzeko, ostera, exijentzi maila handia izan behar da.

Ezin amaitu barriro be Carlos Gurpegiren lana eta jarrerea goraipatu barik. Andosillako atzelaria Athleticeko jokalari onena izan zen azken jardunaldian Balaidosen eta aurrekoan San Mamesen Real Madrilen aurka. Astokeri itzelak entzun behar izan dauz baina ez dau amore emon eta emongo be. Gurpegik badaki Athletic zale guztion babesa daukala, ondo irabazia ganera.