Lau traineru estropada baino ez dira jokatu eta irailera arte aurretik beste hainbat geratzen badira be, nabarmentzekoa da traineru berak irabazi dituela laurak. Oriok hain zuzen be. Horregaz batera, batel eta traineru txikien estropadetan be oriotarrak nagusitu dirala kontuan izanda, pentsa lei Iker Zabalak eta bere koadrilak denporaldiko estropada guztiak irabazi gura dabezala. Igaz errekor barria ipini eben Eusko Label Ligan eta aurten marka guztiak haustea dabe helburu. Eta bide onetik hasi dira. Donostiarrarekiko hamaika segundoko aldeagaz nagusitu ziran Mutrikuko estropadan. Handik astebetera, nagusi izan ziran Gipuzkoako txapelketan, Donostiarra ezustekoa emoteko zorian egon bazan be. Lekeitioko banderan be, nahiko erraz irabazi eben San Juan eta Zarautzen aurretik eta Euskadiko txapelketa hasieratik amaierara arte kontrolatu eben. Kontuak kontu, pentsa lei hori kolorea nagusi izango dogula aurten be, igazko erakustaldiaren ostean.
Orain arte jokatutako lau traineru estropadetatik atara daiteken beste ondorio bat da, Donostiarra dala Oriotik hurre dabilen ontzi bakarra. Igor Makazagaren koadrila hogeta hamairu ehunenekora geratu zan Gipuzkoako txapelketea irabaztetik. Aste bete beranduago be, Euskadiko txapelketan, Oriok hiru segundo bakarrik kendu eutsozan Torrekuari. Bide onetik ari dira lanean.
Euskadiko txapelketak ez dau emaitza onik itxi Bizkaiko traineruentzako. Izan be, gizonezkoen zein emakumezkoen sailkapenak ikusita, Bizkaiko ordezkariak azken lau postuetan agertzen dira. Gizonezkoetan, Bermeo-Urdaibaik ezin izan eban errepikatu astebete lehenago Bizkaiko txapelketan egindako estropada ona. Kale zozketak ez eutson askorik lagundu Bou Bizkaiari kalerik txarrenetik aritzea suertau jakon-eta. Halandabe, Salsamendiren gizonen estropadea ez zan bape ona izan hasiera hasieratik ganera. Txarto urten eben eta minutu bat bete barik egoanean hiru segunduko atzerapena pilatu eben. Hirugarren luzea kenduta, beste hirurak oso makalak izan ziran. Jon Salsamendik badauka zer hobetu traineruan Eusko Label Ligea hasi bitartean geratzen diran hiru asteetan.
Zierbenak lortutako postuak ikusita, hirugarren Bizkaiko txapelketan eta bosgarren Euskadikoan, ezin esan hasiera ona emon deutsonik denporaldiari, Dani Perezen ontzia gorago ikusten ohituta gagoz-eta. Halandabe be, ez da ahaztu behar Bizkaiko txapelketan ehunenekoengaitik galdu ebala bigarren postua eta Euskadikoan segundo bira geratu dala hirugarren sailkatutik.
Isuntzak, barriz, pozik egoteko moduko hasierea emon deutso traineru denporaldiari. Mutrikun lortutako bosgarren postuaren ostean, Markel Akarregiren mutilek sekulako mailea erakutsi eben Bizkaiko txapelketan bigarren postua eskuratuta Zierbenaren aurretik. Pasa dan asteburuan estropada bi jokatu ditue. Laugarren geratu ziran etxeko banderan zapatuan eta zazpigarren Euskadiko txapelketan. Sentsazino onak itxi ditue denporaldiaren hasieran.
Ondarroa ez da fin ibili azken asteetan egin dituen hiru estropadetan. Mutrikuko banderan zortzigarren sailkatu ostean, Antiguako Amak maila makala emon eban Bizkaiko txapelketan Lekeition. Ez eban lehen lau sailkatuen artean sartzerik izan eta ganera, denpora askotxo galdu eban Eusko Label Ligan aurkari izango dituen traineruekiko. Lekeitioko banderan hobeto ibili ziran ondarrutarrak. Edozelan be, Iñaki Errastik badauka zer hobetu hurrengo asteetan, ekainaren 28an ligeari ekin aurretik.