1969an Estatu Batuetako lau unibertsitatetako konputagailuak konektatu zirenetik, Interneten hazkundea geldiezina izan da. 1996an, mundu osoan Internetera konektatutako erabiltzaileen kopurua 50 milioi pertsonatik gorakoa izan zen lehen aldiz. 2000n, 360 milioi pertsona eta, gaur egun, 2022an, 4.950 milioi pertsona ari dira Interneten sartzen egunero (1). Azpimarratzekoa da 4.620 milioi pertsonek erabiltzen dutela sare sozialen bat.

Gizateriaren historian, oso gutxitan ikusi dugu digitalizazioak gure eguneroko bizitzetan izan duen eragina. Digitalizazioak den-dena aldatu digu; goberna-tzeko era, ikasteko modua, arreta medikoa, harreman pertsonalak, erosketak egiteko modua, bankuekin harremanak izateko era, politika egiteko modua, kultura kontsumitzeko modua maila guztietan. Zalantzarik gabe, digitalizazio-teknologien inpaktu handienetako bat ekoizpen-sistemetan, transakzio ekonomikoak egiteko moduan eta pertsonok harremanetan jartzeko ditugun era berrietan gertatu da.

Gauzen Internet ere (Internet of Things, IoT) etorri da gurekin gelditzeko. Gauzen Internet egunero erabiltzen diren tresnak (hozkailua, musika tresna, kotxea, labea, bizikleta,€) interkonexio digitalaren bidez, Internetekin konektatzen dituen kontzeptua da. Internetera konektatutako pertsonak baino aparatu gehiago daude. Estimazio batzuen arabera 50 bilioi tresna konektatu daude.

Orain dela 10 urte, 2012ko maiatzean, .EUS domeinua lortzeko pausu garran-tzitsuena eman genuen. Kezka handia geneukan, euskara eta euskal kultura Interneteko plazatik kanpoan gelditzeko arrisku bizia ikusten genuelako. Une hartan imajinatzen genuen etorkizuneko ingurune digitalean gure tokia bilatu behar genuen, gure espazioa behar genuen. Euskal nortasun digitalak behar zuen bere espazioa eta 2013ko ekainean jakin genuen .EUS domeinua onartua izan zela.

Une berezia izan zen, ilusioz betea, eta, era berean, zalantza handikoa. Proiektu berritzaile baten aurrean geunden, ez zegoen aldez aurretiko esperientziarik eta ez geneukan argi euskal komunitatearen erantzuna zelakoa izango zen. Euskal Kulturaren Komunitatearen babesa geneukan, 60 elkartek eta erakundek bat egin zuten gure proposamenarekin eta, horrekin batera, 26.500 atxikimendu pertsonaletik gora jasota geneuzkan. Baina hura zen benetako erantzuna ikusteko unea.

Proiektuaren fase berri bati ekin genion ilusioz eta kemenez. Abiarazte aldia martxan ipini genuen eta 2014ko ekainean 92 aitzindari .EUS domeinua erabiltzen hasi ziren. 2014ko euskararen egunean domeinuaren irekiera orokorra gauzatu genuen.

Gure hasierako beldur horiek berehala desagertzen joan ziren. 2016ko urtarrilean 5.000 domeinu zeuden aktibo sarean. Proiektuak bere bideragarritasuna eta sendotasuna erakutsi du azken urte hauetan, gure hasierako kezkak erabat gaindituz eta, gainera, erabiltzaileen konfiantza irabaziz.

.EUSek baditu dagoeneko 13.000 domeinu-izen erregistratuta. Enpresak dira, batez ere, baina badira sortzaileak, erakundeak, elkarteak eta norbanakoak. Gero eta gehiago gara, hazten ari gara kantitatean eta hazten kalitatean.

Azken egunetan ikusi dugun bezala, gaur egungo Interneten erronka nagusienetakoa zibersegurtasuna da, eta hori berori da .EUSen lan ildo nagusia. .EUS diren webguneen zibersegurtasuna berma-tzeko egiten dugu lan. .EUS domeinu bat daukanak zibersegurtasun zaintza-sistema ere badauka. Pertsonen eta erakundeen alboan gaude behar duten guztirako. Gauzak ondo aterako direnaren konfiantza eskaintzen dugu eta horrek bereizten gaitu.

10 urte igaro dira .EUS lortzeko eskaria ICANNen (domeinuak kudeatzen dituen nazioarteko erakundean) aurkeztu genuenetik, eta hamarkada honetan Interneten ikusi dugun bilakaera itzela izan da. Europako eta Euskal Herriko erakundeek bultzatzen duten eraldaketa digitala izugarri azkartu da eta .EUS transformazio horren eragile aktiboa da. Euskal nortasun digitalaren garapenean .EUS protagonista horietako bat da eta funtsezko papera du.

Aurrera egitea da gure mugimendu naturala, erronka berriei beldurrik gabe eta eraikitzen ari den ingurune digital horren erdigunean kokatuz. Jakin badakigu herrigintzan izugarrizko garrantzia duela euskara gainerako hizkuntzen maila berean egoteak Interneten, eta horretan ari gara.

Horregatik, ingurune digitalean euskara lehen mailako hizkuntza izatea da gure ametsa. Euskara Interneteko plazan gero eta baliagarriago, erabilgarriago eta ikusgarriago egitea da gure helburua. Gainera, gure domeinua arlo guztietan erakargarria dela frogatu dugu, kulturan, kirolean, administrazioan, hezkuntzan eta baita ere merkataritza eta industria arloan. Orain beste pauso bat eman behar dugu. .EUS domeinua nazioartean erabiltzea ere erakargarria dela erakutsi nahi dugu, gure berezitasun honek lagundu egiten gaituelako nazioartekotze-prozesuetan ere. Gero eta gehiago izan nahi dugu gehiengoa lortu arte.

Etorkizun hurbilari begira, gizartearen eraldaketa digital euskaldunean eragile asko behar dira. Gu horietako bat izango gara, beti aktiboak, beti berritzaileak eta beti euskaratik eraginez.

(1) https://www.statista.com/statistics/1190263/internet-users-worldwide/

* PUNTUEUS Fundazioko lehendakaria. UPV/EHUko ingeniaritza telematikoan katedraduna