Erredakzio-Mahaia

Benetako 'fenomenoak'

26.09.2021 | 01:13
Benetako 'fenomenoak'

Kanaria Uharteetan jazotzen ari den hondamendiak hainbat ebidentzia egiaztatu ditu egunotan. Esaterako, biztanleriaren portzentaia handi batek ez lukeela sekula asmatuko La Palma mapa baten identifikatzen, ezta Las Palmasekin edo Palmarekin zertan ezberdin-tzen den azaltzen. Eta geografiako hutsek nahikotxo diote herrialde baten maila kulturalari buruz. Bestetik, sumendia eragiten ari den kalte ugarien berri emateko erreportari batzuk premiazkoak ez diren arriskuak hartzen ari direla, sentsazionalismoaren izenean zenbait telebista katek gertaerei buruz zuzenean berri emateko laba kolara hurbiltzea exigituko balute bezala. Ez da ezberdintasunik aurkitu Mediaset efektuaren eta gas toxikoen artean. Hirugarrenik, erupzioak gobernu taldean ere kraterrak ireki ditzakeela Reyes Maroto bezalako ministrekin. Bere adierazpen tamalgarriekin "ikuskizun liluragarria" eskaini dio oposizioari. Bat baino gehiago saltoka ari da bere errautsen gainean. Kezkagarriena den ebiden-tzia azkenerako utzi dut: negazionistak geratzeko heldu dira. Pandemian zehar hainbat istorio txotxolo entzun baditugu –gogoratu Filomena ekaitzaren harira elurra plastikoa zela esaten zuen jendea zegoela–, orain sumendiaren susperraldia antolatuta eta eraginda dagoela dioenik ere badago. Eskerrak honelako teoria ergelak zabaltzen dituen tuit bakoitzeko hura barregarri uzteko beste bost txioka-tzen direla. Hurrengo fenomeno naturalaren zain nago, irrikaz.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia