Erredakzio-Mahaia

Klima aldaketaren amua

25.07.2021 | 00:21
Klima aldaketaren amua

Angela Merkelen gobernu taldeak ez du duda izpirik izan Alemanian gutxienez 160 hildako utzi dituzten uholdeak klima aldaketaren isla direla esatean. Ebidentzia zientifikorik ez, baina estatistikak erabili dituzte horretarako. Erdi-mendebaldeko herrialdean 1881an hasi ziren tenperaturarekin zerikusia duten datuak biltzen. Hortaz, mende osoan halako euri jasaren frogarik ez dutela esan dezakete. Hala ere, ez dira gutxi hondamendia klima aldaketarekin zuzenean lotu ezin daitekeela dioten zientzialariak. Besteak beste, Antonio Aranda Euskalmeteko arduradunak eremu horretan lehenago ere antzekoak izan direla dio. "Berdinak? Seguru ezetz! Urte asko igaro baitira eta orain ibai ertzak etxez beteta daude", adierazten du, ikuspuntu interesgarria eskainiz, Berria egunkarian argitaratutako elkarrizketan. Horrela, egungo hirigintza eredua kalteak hain larriak izateraren arrazoietako bat izan daitekeela esatera dator. Baita euri kantitate berbera erorita ere lurralde bakoitzean ondorio ezberdinak eragin ditzakeela. Alemaniako uholdeetan 200 litro ur bota baldin bazituen 24 orduko tartean, gogoratu 1983ko euritean 503 litro izan zirela Bilbon. Hortaz, Alemaniako Gobernuak hondamendia klima aldaketarekin lotzeko duen irrika, ekologiaren aldeko apustua azaleratzeko eragiketa baino, estrategia politikoaren parte da. Izan ere, irailean ospatuko dituzten hauteskundeetan berdeak eroso ibiliko direla diote galdeketek.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia