Erredakzio-mahaia

Datorren krisiaz

12.07.2020 | 00:13
Datorren krisiaz

Wuhaneko kasuen berri izan bezain pronto telebistako tertulietan pandemia aurreikusteaz harropuzten diren buru-ernaiek oraindik ez dute tutik esan iristear dagoen krisi ekologikoaz. Nik, badaezpada, erabaki dut ez dudala etxebitzarik erosiko uholde arriskuan dagoen eremuan, 83ko hondamendia broma batean geratuko dela sumatzen baitut. Hemen, hurakanak diruditen ziklogenesi lehergarriak; han, lurra idortuko duten lehorte suntsigarriak. Eta horrekin batera ekidinezinak izango diren emigrazio masiboak. Zein herrialdek zabalduko dizkie mugak dena galdu ostean aberria atzean utzi behar duten horiei? Ziur aski remdesivirraren stock mundiala erosteko lotsagabea dutenek, "besteak hor konpon" filosofia aplikatuz, ez. Katastrofismoaren azeleragailua zapaltzeari utziko diot, bale. Baina kezkagarria da aldaketa klimatikoak plantea-tzen dituen erronkak albo batera utzi izana. Areago, osasun krisiaren aitzakiaz dena plastifikatzeko joera biziagotu da eta deskonposatzeko 400 urte behar dituzten maskarak etengabe ekoizten dira. Tartean, gutxienez, 47.963 aldiz garbitu ditugu eskuak. Eta oraindik ez dut tertuliakide orojakile horietako bat aukerarik ekologikoena zein den azaltzen entzun: eskuak paperaz edo lehorgailuaz sikatzea. Zalantzaren aurrean, nik airean astin-tzen ditut eta ziztuan alde egiten dut komunetik. Atzetik datorrena erortzen bada ez dudalako erantzunkizunik nahi. Aktibismoaren zehar kalteak, aizue.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia