Bere jarraitzaileen onarpenaren egarriz baieztapen populisten gurdira igo da Mercedes Milá. Beste behin. Blanca Fernández Ochoa eskiatzaile ohiaren herio-tza dela eta, dominadunak pairatu zuen ustezko egoera ekonomiko larriaz jardun da. “Nork baimendu zuen bere hondamena?”, galdetzen du 8.500 like baino gehiago jaso dituen argitalpenean. Ahoan ilerik ez duen kazetaria denez gero, kirol aginpideei leporatzen die laguntzarik eskaini ez izana, arrakastaz betetako iragana izan duen edonork biziarteko soldata jaso beharko balu bezala. Horrelakorik ez dago baina. Galde iezaiozue bestela Cameo webgunean ageri diren eroritako izarrei. Bertan, prezio ezberdinen truke, neurrira egindako goraintziak grabatzen dituzte zaleen eskariz. Xahututako aberastasuna orekatzeko harpidetutako pertsonaia xelebreen artean daude Charlie Sheen aktorea -550 dolar kobra-tzen du eskumuin bakoitzagatik- edota Gloria Gaynor abeslaria (higuingarria ez den beste celebrity bat aipatzearren). Bideoak filmatu ostean, horietako asko ikusgai daude sarean. Kontua da eskaera gehien jasotzen dituztenak ez direla sona handiena irabazi dutenak, baizik eta Youtuben lerdokeriak egiteagatik ezagun bilakatu direnen kastako kideak. Ospea eta prestigioa berau lor-tzeko trebetasuna bezain iragankorrak diren garai hauetan, badirudi ezer baino garrantzitsuagoa dela norberaren ondasuna ondo kudeatzen jakitea I will survive abesten jarraitu nahi baldin bada.

aaraluzea@deia.eus