Síguenos en redes sociales:

Urruntasuna ahaztura

Horrela dio aspaldiko abesti batek; izan ere, norbera leku eta egoera jakin batetik zenbat eta urrunago joan, orduan eta ahanztenago du, bai lekua, bai egoera. Horrelako aleak izan ditugu asteon, baina aldaera bat sartuta: norbera leku berean gelditzen da, beste leku baten bailegoen, eta egoera horretan irauten du bestelako egoera baten bizi bailitzan.

Hil arte hil

Horrelako zerbait pentsatu ei du datorren hilean postua laga behar duen Eusko Jaurlaritzak: azkenean, beste batek ordainduko du erronda, eta, ordaintzen ez badu, errua, ordaintzen ez duenarena.

Txikiteoaz zerbait dakigunok ezagun dugu pertsonaia hori. Berak gonbidatzen ditu inguruan dituenak, baina ordaintzeko orduan, ene, bada!, galdu egin da. Non ote da? Inork ez daki. Geroenean, azken buruan heldu denak ordaindu behar du besteak gonbidatutako erronda hori.

Lurperatutakoa sakonago lurperatu

Betiere, jarduneko Eusko Jaurlaritza honek okerrago egin du: erronda gonbidatu, eta azkenean datorrenak dirua atzera eskatu beharko die edaria hartu dutenei. Hara, zelako txantxa! Negar egiteko modukoa.

Urliak lagun batzuk gonbidatzen ditu, azkenok edaten dute euren edaria, urliak alde egiten du gizaldratik, eta berendiak galdatu behar die gonbidatutakoei atzera eman behar dutela dirua. Jesukristo berpiztu bazen, Jesukristo bakarra izan zen.

Zor zarra, zor txarra

Beste ale bitxi bat Espainiako Erresumako Gobernuak eskaini digu. Jakin dugunetik, Espainiako Erresumak 110 milioi euroko zorra du CERN laborategi europarrarekin. Zor hori Espainiako Erresumak ordaindu barik dituen kuotei dagokie. Edozein lekutan, kuotak behin eta berriz ordaintzen ez dituena kanporatua izaten da bera dagoen lekutik. Hemen ere argi ageri zaigu urruntasuna ahanztura dela. Hori ez ezik, zertarako balio du laborategi horrek? Ikertzeko. Bo… gauerdiko ahuntzaren eztulak adina balio du ikertzeak!

Hala ere, ez genuke harritu beharko. Espainiako Erresumako Gobernuak bere etxean egin dituen murrizketetako batzuk ikerketari suertatu zaizkio, eta horretara itaun bat egin beharko genioke geure buruari: zelan jokatuko du inork zintzo inorekin, bere buruari ematen ez badio beharrezko duena?

Ate-danbatekoa

ETBko zuzendariak kargua utzi du, haren ordez etorri behar duenari itxaron barik. Honek ere uste du urruntasuna ahaztura dela. Okerrago da, baina, azken urteotako ahaztura. Egon bai, egin ez; areago, txarto egin. Zuzendari honek lortu du ETB haren historiako mailarik beherenetara ekartzea. Meritua!

Eta joan egin da. Ahaztu nahi bide du egindakoa edo ez egindakoa. Horrelakoetan ate-danbatekoa jo-tzen du kanpora doanak, danbatekoaren zarataz bere kudeaketak sortuko nahastea ezkutatu nahian edo.

Zarama talde santurtziarraren abesti ezagun baten esaldia datorkit gomutara: 'Iñaki, ze urrun dagoen Kamerun'; hala ere, Iñakik, urruntasuna gorabehera, ez zuen sekula ahaztu Kamerun.