- Euskadiko kofradiek 29.581 tona arrain jaso zituzten 2021 urtean, 58 milioi euroko balioarekin, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak emandako datuen arabera. Kopuruari dagokionez, arrain deskargak %15,7 jaitsi ziren 2020 urtearekin alderatuta eta arrainaren balioak %4,3ko jaitsiera izan zuen. Hegaluzearen eta bokartaren kanpainak onak izan ziran eta Gipuzkoa eta Bizkaiko kofradiek aurreko urtean baino arrain gehiago jaso zuten, %2,8 hegaluzearen kasuan eta %37 bokartaren kasuan. Txanponaren beste aldean, txitxarroa, berdela eta betandia agertzen dira. Izan ere, deskargak %51,8 eta %40 murriztu ziren, hurrenez hurren. Eusko Jaurlaritzako Arran-tza Behatokiaren arabera, euskal kofradien jarduna murriztu egin da azken hiru urteetan. “2018ko emai-tzak oso onak izan ziren arren, hurrengo urtean beherantz egin zuten berdel deskargak murriztu egin zirelako. 2020 urtea gogorra izan zen arrantzaleentzat covid-19 birusaren pandemiak kalte nabarmenak eragin zituelako. Azkenik, 2021ean hegaluzea eta antxoaren datuak onak izan badira ere, berdel eta txitxarro lehorreratzeak nabarmen jaitsi dira”, dio Behatokiak.

Berdelaren arrantzaldiarekin ekin zioten jardunari baxura flotako arrantzaleek. Inguraketa sarearekin ari diren ontziek ez zuten inolako arazorik izan bakoitzari dagokion arrain kuota arrantzatzeko eta egun gutxitan harrapatu zuten harrapatu beharreko guztia. Berdela arrantzatzeko amodun tretzak erabilten dituzten ontzientzako, ordea, 2021eko kostera ez zen batere ona izan eta ontzi askok ezin izan zuten urteko kuota arrantzatu. “Aspaldiko urteetako kanpainarik arraroena izan zen iazkoa. Trainadun ontziek arrain piloa arrantzatu zuten eta guk, ordea, arazo itzelak izan genituen. Itxaron dezagun aurten kostera normal joatea eta gure kuota arrantzatu ahal izatea”, azaldu du Bermeoko patroi batek. 2022Rako berdel kuota aurreko urtekoa baino %7 txikiagoa izango da.

Berdela alde batera utzi eta antxoa harrapatzeari ekin zioten euskal ontziek martxoaren hasieran. Guztira, 3.540 tona bokarta saldu ziran Bizkaia eta Gipuzkoako kofradietan, aurreko urtean baino %37 gehiago. Batez besteko prezioari dagokionez, antxoa kiloa 94 zentimotan saldu zen, 2020an baino merkeago. Kontua da, euskal kofradietan saldutako antxoaren zatirik handiena arrain gaztea izan zala eta tamaina txiki horrek eragin zuen prezioaren merketzea. Nolanahi ere, nabarmentze-koa da Kantauriko flotak 2021 urteko lehen seihilekorako zuen kuota guztia arrantzatu zuela. Aurtengo kanpainara begira, AZTIK egindako Bioman eta Juvena ikerketen emai-tzen arabera, bokartaren stockaren egoera ona da eta, ustez behintzat, aurreikuspenak positiboak dira.

Bizkaiko Golkoaren ekialdean -euskal kostaldearen parean- arrain txikia baino ez zegoela ikusita, ontziek mendebalderantz egin zuten antxoa handiaren bila. Guztira, euskal ontziek 8.105 tona arrantzatu zituzten. Kopuru horretatik, 2.790 tona Euskadiko portuetan lehorreratu zituzten eta gainerako 5.316 tonak Kantabria eta Asturiasko portuetan saldu zituzten, Gijon, Santoña eta Avilesen batez ere. Ontzi ba-tzuk Galiziaraino iritsi ziren antxoa handiaren atzetik. Arrainaren balioa 12,6 milioi eurokoa izan zen. Azpimarratzekoa da, euskal flotak Asturias eta Kantabrian saldutako antxoaren batez besteko prezioak bikoiztu egin zuela Euskadin deskargatutakoaren arrainarena. Kontua da, Kantauri mendebaldean arrantzatutako bokarta ekialdean harrapatutakoa baino handiagoa izan zela.

Hegaluzearen arrantzaldia oparoa izan zen euskal arrantzaleentzat. Guztira, 9.800 tona harrapatu zituzten Gipuzkoako eta Bizkaiko ontziek. 8.140 tona inguru euskal portuetan lehorreratu zituzten eta beste 1.800 inguru Kantabria eta Asturiasko portuetan, Santoña, Laredo eta Gijonen hain zuzen ere. Erkidegoko portuetan saldutako kopuruari dagokionez, %3ko igoera izan du. Arrainaren batez besteko prezioa 3,57 eurokoa izan zala kontuan izanda, haren balioa ia 29 milioi eurokoa izan zan.

2021eko hegaluzearen kanpaina inoizko laburrena izan zen. Izan ere, Madrilgo gobernuak itxi egin zuen arrantzaldia abuztuaren 16an, Espainiako banderapean ari diren arrantza-ontzientzako kuota agortu zutelako. Stockaren egoera ona ikusita, euskal arrantzaleek urteko hegaluze kuota handitzea planteatu zuten ICCATen (Atlantikoko atuna zain-tzeko nazioarteko batzordea) baina erakundeak ez zuen aintzat hartu eskaera eta aurtengo kuota iazkoaren berdina izango da.

Hegaluzearen arrantzaldia amaituta, ontzi gehienak espezie pelagiko txikiak arrantzatzen ahalegin-tzen dira, sardina, txitxarroa, betandia, edota botakarra. Sardinari dagokionez, 5.570 tona lehorreratu zituzten Euskadiko portuetan, aurreko urtean baino %20 gutxiago. Prezioa, iazkoa baino 10 zentimo garestiagoa izan zen, 83 zentimokoa hain zuzen ere. Kofradietan saldutako sardinaren balioa 4,6 milioi eurokoa izan zan, 2020n baino %3 gutxiago.

Txitxarro lehorreratzeak erdira jaitsi ziren 2021ean aurreko urtearekin alderatuta. 832 tona saldu ziren euskal kofradietan eta kiloaren batez besteko prezioa 1,23 eurokoa izan zen, 2020an baino %29 garestiago. Saldutako txitxarro guztiaren balioa milioi bat eurokoa izan zen.

Legatzari dakionez, 10.500 tona lehorreratu zituzten Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan, aurreko urtean baino %25 gutxiago. Arrain gehiena Ondarroan saldu zen, altura flotako ontziek lehorreratuta. Euskadiko portuetan saldutako legatzaren %5a bakarrik merkaturatu zen kofradien bitartez, baxurako flotako ontziek harrapatutakoa hain zuzen. Kofradietan saldutako legatzaren batez besteko prezioa 4,5 eurokoa izan zen. Altura flotak porturatutako legatzari dagokionez, 3.84 eurotan saldu da kiloa.