BILBO. Erabakiak hartzearen erdigunean bezeroa jartzea eta enpresa-estrategiak berriro diseinatzea. Horixe izango da «Aldaketaren buru izatea: negozioa eta pertsonak elkar hartuta doazenean» izeneko jardunaldiaren abiapuntua. Mondragon Unibertsitateak antolatu du eta datorren ostiralean, urtarrilak 10, Bilbao Berrikuntza Faktorian egingo da, 10:00etatik 13:30era. Jardunaldian honako aditu hauek izango ditugu parte-hartzaile: Xavier Marcet (Lead to Change), Genis Roca (Roca Salvatella), Alex Arriola (SPRI), Tomas Iriondo (Gaia) eta Santiago García (Future for Work). Gainera, Enpresagintza Fakultateko dekanoak, Lander Belokik, hasiera emango dio jardunaldiari.

Jardunaldia Enpresagintza Fakultateak antolatu du, merkatuko joera globalen berri emateko. Egungo negozio-ereduen konplexutasun gero eta handiagoa da joera horien ezaugarri nagusietako bat. Gainera, jardunaldiak agerian jarriko du zein garrantzitsua den gure enpresa-sarean bezeroa erdigunean jartzea, erabakiak hartzen direnean eta merkatu-estrategiak diseinatzen ditugunean, betiere kontuan hartuta eraldaketa digitala eta talentua direla aurrera egiteko eragileak

Lehenbizi, benetakotasunaren kontzeptua azalduko da, managementaren eragile eta bereizgarritasunaren funtsezko faktore gisa, eta aztertuko da nola eragiten duen horrek estrategian, berrikuntzan, lidergoan eta abarretan. Bigarrenik, datuak eta haien denbora errealeko tratamendua oinarri hartuta erabakiak hartzeak ekarri duen iraultza azalduko da, sistema berri horrek dakartzan konfiantza- eta fidagarritasun-arazoei erreparatuta. Azkenik, aldaketa horiek lanaren etorkizunean izango duten eragina jarriko da mahai gainean, batez ere automatizazioak nola suntsituko duen enplegua eta ikaskuntza nola izango den enplegagarritasunaren oinarria.

Mahai-ingurua eta eztabaida

Mondragon Unibertsitateak antolatutako jardunaldia hizlarien arteko mahai-inguru batekin amaituko da. Tomas Iriondok ere hartuko du parte, Ezagutzaren Industria sektorearen bilakaerari buruz duen ikuspegia emateko. Moderatzailea María Jesús Zabaleta izango da, GSR kooperatibako kudeatzailea. Ondoren, eztabaida bat zabalduko da, honako galdera hauen inguruan: Zein dira profesionalentzako ikaskuntza hobetzeko funtsezko alderdiak? Nola garatu ikaskuntzaren kultura enpresan? Zer gaitasun garatu behar dira lehenbailehen inguruneko enpresen lehiakortasuna bermatzeko?

Jardunaldiari buruzko informazio gehiago