BILBO. Eusko Jaurlaritzak 6,4 milioi euro bideratu ditu etxebizitzak birgaitzeko Renove programaren bitartez. Eskaerak aurkezteko epea ostegunean irekiko da, ekainaren 20an, eta abuztuaren 9an amaituko da. Laguntzen helburua 1980 baino lehen eraikitako bizitoki eraikinetako eraginkortasun energetikoa, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea da.

Etxebizitza Sailak laguntzen aginduari buruzko argibideak emateko jardunaldia antolatuko du, publikoari irekia, datorren asteartean, ekainaren 25ean, 09:30ean, Gasteizko Lakua IIko Euskaldun Berria aretoan (auditoriuma). Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik irekiko du jardunaldia.

Horrela, Jaurlaritzak jakinarazi duenez, etxe bloke osoa osatzen duten gutxienez sei etxebizitzen eraikinetarako edota etxe bloke baten zatia osatzen duten hamabi etxebizitzak baino gehiagok integraturiko eraikinetarako dira laguntzak.

Esku hartzeari ekingo dioten jabeen elkarteak izango dira laguntzen onuradun, bai eta udalak, udalerria baino lurralde eremu txikiagoko erakundeak eta etxegintzako sozietateak edo erakunde sustatzaile publikoak, eraikinen jabeak direnean eta alokatzeko erabiltzen dituztenean.

Burutuko diren esku hartzeen programara heltzeko helburu hauek bete behar dira: eraikinaren eraginkortasun energetikoa hobetzea eta berokuntzako urteko energia eskaria gutxienez %30 murriztea, eraberritu aurretik etxebizitzak zuen eskariarekiko; bide publikotik etxebizitza bakoitzerako irisgarritasuna bermatzeko ekintzak, desnibelak harmailekin salbatu behar izan gabe, eta, besteak beste, suteen kontrako segurtasun baldintzak hobetzea, suteen detekzio, alarma eta itzalketarako ekipo egokiekin.

Laguntza jaso dezaketen jarduketa eremu guztiak burutzea aurreikusten duten proiektuek izango dute lehentasuna, hau da, irisgarritasuna, eraginkortasun energetikoa eta suteen kontrako segurtasuna; ondoren, bi jarduketa aurreikusita dituztenek, eta, azkenik, jarduketa bakarra proposatzen dutenek.

LAGUNTZA MOTAK

Obrak egiteko kontratatutako aurrekontuaren %50 lagunduko da diruz gehienez (zergak kanpo), eta %60 eraikinak birgaitze integratuko areatan edo bizitegi area degradatuetan daudenean.

Zehazki, eraginkortasun energetikoa, irisgarritasuna eta segurtasuna biltzen dituzten jarduketa integraletarako, etxebizitza bakoitzeko 15.000 euro emango dira gehienez; eraikinaren kanpoaldetik igogailu bat instalatzeagatik (igogailurik ez zuten eraikinetan), 60.000 euro emango dira gehienez; eraikinaren barnealdean igogailu bat instalatzeagatik 45.000 euro gehienez, eta 12.000 euro irisgarritasuna kale mailara arte konpontzeko.

Birgaitze integratuko areatan eta bizitegi area degradatuetan gehitu egingo dira zenbateko horiek 18.000, 72.000, 54.000 eta 14.400 eurora arte, hurrenez hurren. Laguntzaren xede diren jarduketak 2019an hasi beharko dira, eta 2022ko uztailaren 31 baino lehen amaitu.