BILBO. Bizkaia Frontoiak hilabete honetan bertan jasoko du emakumeen esku-pilotako txapelketaren hirugarren edizioa. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirolako diputatu Lorea Bilbaok ekitaldi honen aurkezpena egin du, txapelketan parte hartuko duten pilotariekin batera. Aldundiak berak antolatu egin du txapelketa hau.

Hamabi pilotarik bikoteka jokatuko dute hiruko bi taldetan, eta talde bakoitzeko irabazleak aurrez aurre izango dira finalean, eta bigarrenek hirugarren eta laugarren postuak jokatuko dituzte. A taldeko bikoteak honako hauek dira: Amaia Alday - Oihana Orbegozo, Miren Larrarte - Gentzane Alday eta Leire Garai- Maite Ruiz de Larramendi. Beste aldetik, B taldea osatzen duten bikoteak honako hauek dira: Iera Agirre- Arrate Bergara, Olatz Arrizabalaga- Naroa Agirre eta Ainhoa Ruiz de Infante- Olatz Ruiz de Larramendi.

Lorea Bilbao diputatuak azaldu duenez `Bizkaia Torneo hau kirolaren esparruan be egoera gatxean murgilduta aurkezten dogu; frontoiak be hutsik dagoz pandemia-egoereagaitik. Zelan edo halan kapaz izan behar dogu pelotariei ikusleen berotasuna itzultzeko edo sentiduarazoteko urtarrileko partidetan; frontoia hutsik egongo da, partidak ateak itxita jokatuko dira, baina partidak beste kanal batzuetatik jarraitu geinkez.´

Sei bikoteek jokatuko dute Bizkaia Txapelketa urtarrilaren 8an, 15ean eta 22an, 19:00etan; eta urtarrilaren 31n, igandean, 12:00etan, finala jokatuko da, ateak itxita, eta zuzenean emango da ETB1en. Partida guztiak Bizkaia Frontoian jokatuko dira eta guztiak jarraitu ahalko dira zuzenean Bizkaia Frontoia Facebook katearen bidez.

Materialari dagokionez, pilotariek pilota mistoarekin jokatuko dute lehenengoz.

Lorea Bilbaok aurkezpenean zera adierazi du "Bizkaia Torneoa emakume pelotariei partidak lehiatuteko, jokatuteko eta euren joko kalidadea eta profesionaltasuna kantxan erakusteko aukera emoteko sortu da. Emakume pelotari oso onak daukaguzalako, oso kirolari onak. Ea ahalik lasterren heltzen garen kirolari bezala baloratzera, eta ez emakume kirolari bezala. Edota bestela gizonezko kirolari eta emakume kirolari esaten hasi. Biak ala biak dira kirolariak, biak ala biak behar doguz sendo eta lehiakor, biak ala biak behar doguz gure kirolak, gure herriak aurrera egin daian, biak ala biak behar ditu pilotak". Bilbaok gaineratu du: "Horregaitik gure lurraldean pelotearen arloan daukagun zaletasun handiak frontoira be heldu behar dau andrazkoek be jokatzen dabenean, euren jokoak merezidu daualako. Ezinbestekoa da erreferenteak sortutea, gero eta emakume eta neska gehiagok pelotan jokatutea erabagi daien, holan hain geurea dan kirola indartzen lagunduz".

BIZKAIA TXAPELKETAKO PARTIDEN EGUTEGIA

Lehenengo jardunaldian, 2021eko urtarrilaren 8an, ostirala, 19:00etan, bi partida jokatuko dira:

  • Amaia Alday - Oihana Orbegozo eta Leire Garai- Maite Ruiz de Larramendi; Ainhoa Ruiz de Infante- Olatz Ruiz de Larramendi eta Olatz Arrizabalaga- Naroa Agirre.

Bigarren jardunaldian, urtarrilaren 15ean, ostirala, 19:00etan, beste bi partida:

  • Miren Larrarte - Gentzane Alday eta Leire Garai- Maite Ruiz de Larramendi; Iera Agirre- Arrate Bergara eta Ainhoa Ruiz de Infante- Olatz Ruiz de Larramendi.

Hirugarren jardunaldian, urtarrilaren 22an, ostirala, 19:00etan, bi partida hauek jokatuko dira:

  • Olatz Arrizabalaga- Naroa Agirre eta Iera Agirre- Arrate Bergara; Amaia Alday - Oihana Orbegozo eta Miren Larrarte - Gentzane Alday.

Laugarren jardunaldian, urtarrilaren 31n, igandea, 12:00etan, hirugarren eta laugarren postuak jokatuko dira, eta ondoren, finala.

ARAUDIA

  • Amateur mailako 12 pilotarik (6 bikote) hartuko dute parte, indarrean dituzten lizentziekin.
  • 3 bikoteko 2 talde ezarriko dira. Itzuli bakarreko liga sistemaren bidez jokatuko da taldeko bikoteen artean.
  • Txapelketa pilota mistoekin jokatuko da.
  • Astean bi partida jokatuko dira.
  • Partida bakoitzeko bikote irabazleak 2 puntu lortuko ditu eta galtzaileak puntu 1.
  • Partidak 22 tantora jokatuko dira.
  • Talde bakoitzeko lehenengo bikoteak finala jokatzeko sailkatuko dira. Talde bakoitzeko bigarren bikoteek hirugarren eta laugarren postuak jokatuko dituzte.
  • Bikoteen artean berdinketa izanez gero, horien arteko partidetan tanto gehien lortu dituena sailkatuko da. Hala eta guztiz ere, berdinketak jarraitzen badu, bikoterik gazteena sailkatuko da.
  • Ez dago aukerarik partidak atzeratzeko.
  • Araudi honetan zehazten ez dena federazioaren araudi orokorraren arabera arautuko da.