Bizkaia frontoiak goi-mailako beste pilota txapelketa bat jasoko du berriro. Oraingo honetan, Emakumeen Esku-pilotako IV. Bizkaia Txapelketako finalaren txanda izango da. Finala datorren larunbatean, apirilak 23, jokatuko da.

Aldai eta Mendizabal Arrizabalaga eta Agirreren kontra lehiatuko dira Emakumeen Esku-pilotako IV. Bizkaia Txapelketako finalean, Bizkaia frontoian. Hirugarren eta laugarren postuetarako partida Garai - Gaminde bikoteak eta Larrarte - Oses bikoteak jokatuko dute, arratsaldeko 15:15ean.

Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Emakumeen Esku-pilotako IV. Bizkaia Txapelketa martxoaren 18an hasi zen Bizkaia frontoian. Hurrengo partidak martxoaren 25ean, Zallan, apirilaren 1ean, Zierbenan, eta apirilaren 8an, Bizkaia frontoian, jokatu dira.

Aldundiak tinko eusten dio bere asmoari, eta kirola bultzatzearekin batera emakumeak kirolean aritzea sustatzen du. Lorea Bilbao Ibarra diputatuak txapelketaren aurkezpenean honako hau adierazi zuen: "txapelketa honetan behintzat, zortzi emakume kirolari hauek ez dute jokatuko zaletasunagatik eta pasioagatik bakarrik. Izan ere, erakundeen ardura da bermatzea Bizkaiko emakume kirolariek lan-baldintza egokiekin jokatu ahal izatea. Emakumeak kirolean aritzeko eragozpenak ezabatu behar ditugu; pizgarriak eman behar ditugu emakumeek kirolean jarduteko eta, are gehiago, profesional modura jokatzeko, kasu honetan esku-pilotan.

Partidak ikusteko sarrerak Bizkaia frontoiko leihatilan egongo dira salgai hiru euroan. Emakumeen Esku-pilotako IV. Bizkaia Txapelketako finala zuzenean emango du ETB 1ek.