Datorren hilabetean Federation of European Padel (FEPA) erakundeak antolatuko du Europako Padel Txapelketa Bizkaian. Zehazki, urriaren 4tik 9ra izango da eta 14 herrialdetako ordezkariek parte hartuko dute. Euskadiko Padel Federazioarekin (FVP-EPF) ere kolaboratuko du eta Euskadik selekzio propioa izango du.

Guztira, Bizkaiko zazpi herritako zazpi klubetan egongo dira partidak eta Bizkaia frontoian jokatuko dira finalerdiak eta finalak. Txapelketak Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesa du, eta erakusleiho bikaina izango da Bilbo eta Bizkaia osoarentzat, nazioarteko kirol-ekitaldi baten egoitza izango baitira. Txapelketak Europa osoko 500 pertsona inguru erakarriko dituela uste da, jokalari, teknikari eta laguntzaileen artean. Pandemiaren ondoren Bizkaian egiten den lehen kirol-ekitaldi garrantzitsuenetako bat denez, ostalaritza eta turismoa bezalako sektoreei ere bultzada emango die txapelketak; izan ere, gutxienez hoteletan eta landetxeetan ostatu hartzeko 2.800 gau zenbatuko dira.

Guztira, 300 padel partida baino gehiago jokatuko dira: gizonezkoen Europako 14 selekzio eta emakumezkoen 9 lehiatuko dira. Binakako Europako Txapelketa ere jokatuko da, gizonezkoen 60 bikoterekin eta emakumezkoen 36 bikoterekin.

Jorge Peñín Euskadiko Pádel Federazioko presidenteak adierazi duenez, "Kirol ekitaldi hau plataforma bikaina da gure jokalariak kontinenteko onenekin neurtzeko". Gainera FVPko presidentearen ustez txapelketa "aukera bikaina izango da Bilbotik padelaren nazioarteko hedapena bultzatzeko, Europan gorakada geldiezina izaten ari baita".

Bestalde, Alfredo Ruiz de Azúa Bizkaiko Pádel Federazioko presidenteak adierazi duenez txapelketa Euskadik eta Bizkaiak padelaren munduan duten izaera aitzindariarentzako sari bat ere bada; izan ere, Bizkaiko Federazioa, Julio Alegría enpresaburu eta sustatzailearen eskutik, ofizialki aintzatetsitako lehen padel federazioa izan zen, eta bertatik Julio Alegríak kirol honetako nazioarteko lehen erakundeak ere bultzatu zituen.