Hockey

Zenbat eta gehiago, hobe

Patin-hockey eskola ligan Kantabriako klub bat sartu da: Santanderreko Tenis Magdalena

09.02.2020 | 20:58
Olarizu kadete taldea

Bizkaian ez daukagu izotz-pistarik, baina ezta beharrik ere. Hockey zaleek beste aukera batzuk bilatzen jakin dute. Izotz-hockeya beti izan da ezagunena, baina baita ospe txarrena eduki duena ere. Izan ere, beti lotu izan da borroka eta oldarraldiekin. Ospe txar horrek Bizkaian praktikatzen diren bi modalitateei ere eragin die: Patin-hockeya eta linea-hockeya. Zorionez, etiketa hori galtzen joan da eta eskola liga egonkortu egin da, batez ere patin-hockeyarena.

Liga honek urteak daramatza, eta badaude klub beterano batzuk, denboraldiz denboraldi irauten jakin dutenak. Gainera, taldeek goiko kategorietan jarraitzeko aukera dute, behin eskola etapa amaituta, eta hori ere pizgarri bat da jokalari askorentzat. Haur mailako kategoriaren eta kadetearen artean beherakada handirik ez egotea lortu dute, eta meritu handia da, izan ere, beste kirol batzuetan oso nabarmena da parte-hartze jaitsiera maila horietan. Klub beterano horiek honakoak dira: Barakaldoko Gurutzeta, Getxoko Jolaseta, Bilboko Loyola Indautxu eta Santutxu, eta Loiuko Urdaneta.

Bestalde, urteotan hainbat klub berrik edo eskola harrobia sortzea lortu duten klubek bat egin dute. Batzuek betidanik eduki dute pista herrian, beste batzuek ez; baina hori ez da traba izan afizioa sortzeko. Gatikako Iusturi, MSK Mungia eta Getxo Irristan taldeak izan dira sortu diren azkenak. Hala ere, Ligako hirugarren talde bat aipa dezakegu: beteranoak baina aldi berean berriak diren klubak. Eskola ligan parte hartzen hasi diren Bizkaitik kanpoko klubak dira.

Eskola kiroleko txapelketak Bizkaiko Foru Aldundiak eta federazioak antolatzen dituzte, kasu honetan irristaketa federazioak. Normalean, jarduera horiek Bizkaiko klub eta ikastetxeei zuzentzen zaizkie, baina patin hockeyaren kasuan, salbuespen bat egin da. Batetik, Donostiako talde batek ere parte hartu du, Mundaiz, eta Gasteizko beste batek, Olarizu. Bestalde, Kantabriako bi talde ere batu dira: Santanderreko Voto eta Tenis Magdalena. Azken hori denboraldi honetan hasi da. "Lau talde horiek, teorian, ezin dute gure ligan parte hartu, baina Bizkaiko Foru Aldundiari baimena eskatu zioten, jokatu ahal izateko. Haientzako ez du ahalegin handirik eskatzen, haiek izan baitira eskaera egin dutenak. Kantabrian hiru klub baino ez daude, eta pentsatu zuten, distantzia kontuan izanda, ondo etorri ahal zitzaiela gurekin jokatzea. Baimena eskatu zuten, eta orain hala egiten dute. Mundaiz eta Olarizuren kasuan, badaukate pista, baina lurralde horietako klub bakarrak dira", esan du Modesto Marínek, Bizkaiko irristaketa federazioko patin-hockey arloko arduraduna.

Kantabriako klubaren bat egiteaz gain, ligan beste nobedade bat dago aurten: kategoria aldaketa, estatu eta nazioarte mailako lehiaketetara egokitu ahal izateko. Orain, esaterako, kategoria bakoitzean bi multzotan sailkatu dira taldeak, adinaren arabera. Horretaz gain, talde horietan estatu mailako sektoreetara joan nahi duten taldeak eta joan nahi ez dutenak daude. Neurri berri horretara moldatzea zaila izan daiteke, baina klubak lanean ari dira eta taldeak egokitu egin dituzte.

Hockeyaren hazkundearen arrazoietako bat nesken txapelketen ugaritzea izan da. Duela urte batzuk neska gutxik jokatzen zuen, baina egoera hori guztiz aldatu da, eta, gaur egun, talde batzuetan neskak dira nagusi. Edozein kasutan, eskola liga mistoa da eta neska-mutilek elkarrekin jokatzen dute, arazorik gabe, baina txapelketa horretatik kanpo, federazioak nesken kontzentrazioak sustatzea erabaki zuen, duela urte batzuk. Hilabetean behin taldeetako neskei dei egiten zaie federazioak aukeratutako pista batean elkartzeko. Kontzentrazio horien bidez, neskek elkar ezagutzea eta monitoreekin batera teknifikazioa egitea da asmoa. Jarduera honek arrakasta handia izan du. Hori dela eta, pasa den urtean beste urrats bat ematea erabaki zen, eta liga txiki bat sortzea. Horren baitan, taldeek hainbat partida jokatzen dituzte, eta talderen bat osatuta ez badago, beste talde batzuetakoak elkartzen dira, errugbian egiten den moduan. Igandean jardunaldi horietako lehena egin zen, Bilboko Jesuitas ikastetxean. Hockeyak gorantz jarraitzen du, eta oso argi daukate: "zenbat eta gehiago izan, hobe".