Jada jakina da Baztan genero beltzaren zaleen topagune bilakatzen dela urtarrilero. (H)ilbeltzak, eleberri beltzaren asteak, zortzigarren edizioa du aurtengoa eta urtarrilaren (edo ilbeltzaren) 24tik 30era artean solasaldiak, mahai-inguruak, jolasak zein beltzari lotutako hainbat jarduera antolatu dituzte.

Denbora igaro da Baztango Irakurle Taldeko kideei euskal literaturarekin lotua zegoen zerbait antolatzea bururatu zitzaienetik. Komunean zuten genero beltzarengan interesa kontuan hartuz, eta oso ondo nora zihoazen jakin gabe, (H)ilbeltzaren lehenengo edizioa antolatu zuten 2015ean. "Bat-batean, ia konturatu gabe, zortzigarren edizioan gaude jada", kontatu du Ane Cuesta (H)ilbeltza ekimeneko kideak.

Genero beltzean presente egon ohi den kritika sozialak asko erakartzen zituen, "liburu horiek gizartea erakusteko duten moduak". Gainera, gerora ikusi zuten zaletasun handia dagoela, asko erakartzen duen generoa dela. Antolatzaileen harridurarako, deskubrimendua izan da."Euskaraz nobela beltz asko zegoela idatzita aspalditik eta urtero dezente idazten dela konturatu ginen. Eta publiko nahiko zabala duela". Genero beltza eta euskara ditu ardatz (H)ilbeltzak, euskal nobela beltza, euskal sormenetik egina. Cuestaren hitzetan, uste duguna baino eskaintza handiagoa dago, gainera. Hasi zirenean, euren sorpresarako jakin zuten justu Baztanen bertan Mariano Izetak 1962an argitaratu zuen eleberria Dirua galgarri, lehen nobela beltztzat jotzen zela. Lan horren berrargitalpena aurkeztu zuten (H)ilbeltzaren lehen edizioan. "Urtetik urtera beti pentsatzen dugu: izango dira hurrengorako? Baina beti egoten dira. Bada genero bat arrakasta duena eta idazten dena".

Errotuta dagoen hitzordua

"Elkartzea, euskal literatura, beltzean gustatzen zaigun jendea elkartu, ongi pasatzea€". Horiek dira antolatzaileek ezartzen dituzten erronkak. Azken finean, euskara, literatura eta kultura sustatzen duen jaialdi bat ospatzea da euren helburu nagusia. Zortzigarren edizioa izanik, genero beltzaren zaleen artean jada errotuta dagoen hitzordua da (H)ilbeltza, erantzun handia izaten du, Baztan inguruko jendea animatu ohi da, baina badira Euskal Herriko txoko ezberdinetatik hurreratzen direnak ere. "Urtero jende berria etortzen da, baina badago errepika-tzen duenik ere, eta horrek izugarrizko ilusioa egiten digu. Lagunarteko giro oso berezia sortzen da".

Edizio guztietan aurki daitezke formatu bertsuan egiten dituzten ekitaldiak, baina Cuestak kontatu duenez prestaketetan beti sortzen dira ideia edo proposamen berriak. "Badago publikoa eta gure arteko elkarlan bat ere bai". Urtarrileko egitarauaz gain, edizioek aurrera egin ahala, bidean sortzen joan diren ekimenak ere badaude: esaterako, jaialdiaren bloga (http://ilbeltza.blogspot.com/) edo genero beltzaren web orria Hilbeltza beltzaz ondu dute (https://beltzaz.wixsite.com/h-ilbeltza-beltzaz); elkarrizketak, liburu aipamenak zein lotutako edukia igotzen dute bertara, besteak beste.

Beka, sustapenerako

Horrez gain, (H)ilbeltza beka sortu dute Txalaparta argitaletxearekin eta Baztango Udalarekin batera. Edizioz edizio sormen edo itzulpen proiektu bat saritzen du epaimahaiak eta lan bukatua (H)ilbeltzan aurkezten du egileak. "Ekimen honen bitartez euskal literatura sustatu eta hedatu nahi dugu, eta itzulpenen bitartez munduko literatura beltza euskara-tzea", azaldu du Cuestak. Aurtengo jaialdian Massimo Carlotto idazle italiarraren Ciao amore, ciao (Agur maitea, ikusi arte) eleberriaren itzulpena aurkeztuko du Koldo Bigurik, 2020an jaso zuen bekarekin ondua.

Iaz, osasun larrialdi egoera zela-eta, ez zen egon nobela beltzaren asterik, baina urte osoan zehar banatu zituzten jarduerak. "Ohiko formatuan egitea ezinezkoa zen, baina argi genuen zerbait egin nahi genuela, izan ere, guretzat garrantzitsua da euskal kulturari bultzada bat ematea". Ekitaldiak urte guztian zehar sakabanatu zituzten, gutxienez hilabetean behin zerbait egiteko. (H)ilbeltza ez baita astebeteko kontua soilik...

IV. (H)ilbeltza bekaren irabazlea: 'Agur, maitea, ikusi arte' (Koldo Biguri)

Zenbait urte Hego Amerikan erbestean igaro eta gero, Giorgio Pellegrini ezker muturreko militante ohia Italiara itzultzen da. Espetxea saihestu eta sorlekuan geratu ahal izateko, garai batean kamarada zituen haiek saldu, eta bere iragan politikoa ezabatzeko ahaleginak eta bi egiten ditu. Goi gizarteko irabazleen artean eroso bizi nahian, ez du erreparorik izango bere helburua lortzeko bidean jartzen zaizkion iraganeko eta egungo trabak gainditzeko.

Eleberri beltz honetan Massimo Carlottok ustelkeriaren gizartea agerian uzten du barne bakarrizketa bizi eta ekintzaz betean. Gizartean gora egiteko amarru eta azpijoko sortaren bitartez, Italia garaikidearen kritika sozial gogorra egiten du, bortizkeria eta saldukeria eguneroko ogiarekin nahasian.Biguri itzultzaile, interprete eta irakasle gasteiztarrak ekarri du euskarara, IV. (H)Ilbeltza bekari esker.