Idazlea

Alaine Agirre: "Isilduak izan diren gorputz eta ahotsetara ailegatzea espero dut"

Alaine Agirrek Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria jaso du 'Karena' eleberriagatik. Idazleak sentitzen du aurrekoak baino liburu hobea dela, inoiz baino Alaine Agirreagoa dela

06.10.2021 | 14:12
Alaine Agirre idazle bermeotarra Donostian

Azaro amaierarako kaleratuko du Alaine Agirre Garmendiak (Bermeo, 1990) bere azken nobela: Karena. Durangoko azokan egoteko desiatzen dago, irakurleekin egon eta beraien iri-tziak jasotzeko. Ahots originala duela esan ohi diote idazleari, eta benetakotasuna da, bere ustez, bere idazteko arma; idazten duen horretan sinesten du.

Irun Hiriko Kutxa Literatura saria jaso duzu 'Karena' izeneko eleberriagatik. Esperotako saria izan al da?

-Espero nuen eta ez nuen espero. Jende asko aurkezten da, eta maila handiko lehiaketa da. Aurten, gainera, jende asko aurkeztu zenaren zurrumurrua zegoen. Baina, beste alde batetik, gustura geratu nintzen liburuak hartu zuen formarekin, biribil geratu zen. Aukerak nituela, beraz, ikusten nuen. Ofizio honetan urte batzuk daramatzat, eta segurtasun gabeziak ditudan arren, bai ni eta baita nire literatura ere non gauden ikasten ari naiz. Guztiok amesten dugu dei hori jasotzearekin. Esperantza eta ezkortasuna nahastuta egoten dira horrelako momentuetan.

Zerk egin du sari hori zuk jasotzea?

-Egia esan, ez dut epaimahaikideekin hitzik egin, beraz, ez dakit nola bizi izan duten nire liburuaren irakurketa beraiek. Dena den, nik uste dut nobela hau irakurtzeko momentuan gaudela, feminismoari esker, emakumearen gorputzari, ahotsari, munduari leku gehiago ematen gaudelako.


Zer da liburuak kontatzen duena?

-Sara da liburuko protagonista, eta berak eta bere bikotekideak ume bat izatea erabaki-tzen dute. Emakumezkoa da Sararen bikotekidea, beraz, haurra izateko laguntza bidezko ugalketara jotzen dute, intseminazio artifiziala egitera. Gaur egun jende askok bizi duen prozesu bat hasten du bikoteak. Prozesu horren eraginak aipatzen dira liburuan. Beste geltoki bat ere badu liburuak: norbera bakarrik ama izatea erabakitzen duenarena. Beste momentu batean, haurdunaldi bat ere badago, eta horren ostean datorren abortu naturalaz ere hitz egiten da. Sarak ama izan nahi du, eta medikuntza prozesu latz asko bizi behar ditu horretara iristeko. Momentu batean, ama izatea lortzen du, baina galdu egiten du, zeina oso momentu apurtzailea den berarentzat. Hor hasten da dolu gestazionala.

Irakurle askok ondo ulertuko dute Sara€

-Uste dut guztiok ez ditugula Sarak bizi izan dituen fase guztiak bizi izan, baina uste dut badela guztiei arrazoi bategatik edo beste bategatik uki gaitzaken nobela bat. Azken finean, Sarak bidaia bat egiten du, eta nik oso gertu sentitu ahal izan dut bera. Kuriosoa da pertsonaiak nola sentitzen dituzun alboan beti. Nik, normalean, helduen literaturan ez dut jokatu hainbeste pertsonaiak egiten, ageriago geratu naiz ni, baina kasu honetan, badago nik imajinatzen dudan pertsonaia bat, badaukat Sara bat.

Nolakoa izan da Sararekin batera bidaia hori egitea?

-Ederra izan da berarekin bidaia hori egitea. Ederra izan da ikustea nola doan aldatzen, biziak nola eramaten duen leku batetik bestera, espero ez duen geltokietara, eta bere indar eta minarekin konektatzea.

Eta idazketa prozesua ere ederra izan al da?

-Uste dut idazten ez duen jendeak idazketa prozesuarena idealizatuta daukan zerbait dela. Idazketa prozesuak gogorrak dira, sufritu egiten da, egonezin konstante bat da. Ezin duzu nobela ez den beste ezertan pentsatu, baina, aldi berean, egunerokotasunak etengabe eramaten zaitu beste gauza batzuetan pentsatzera, beste bizi normatibo, plano eta praktiko horretara. Egia da, hala ere, ni idazten nabilenean oso bizirik sentitzen naizela, eta momentu batzuk daude edertasun absolutu eta sublime batekoak. Gogoan dut nahiko indartsua zen atal bat idazten bukatu nuenean€ bat ere indar gabe bukatu nuen, jota eta mugitu ezinik. Hiru platano, kakahueteak€ jan behar izan nituen. Izan ere, idazteak harrapatu egiten nau, okupatu egiten nau, niri burua, gorputza eta bizia okupatzen ditu. Idazteko prozesua hori da: zoroa, basatia, ederra eta mingarria, era berean.


Tabuak diren hainbat gai lantzen dituzu zure liburuetan.

-Nik neuk sentitzen dut sarritan mundu honetatik ihesi egiteko nahia, eta hegaz apur bat egin edo itsasoaren sakoneran sartzeko grina. Literaturak, nire ustez, erakutsi behar ditu egunerokotasunean lekua egiten ez diegun gauza horiek. Tabuena nahi gabe egiten dut, baina literaturari eskatzen diodana nik ere eman nahi dut, eta hori haratago joatea da. Batzuetan esan izan didate gogorra dela idazten dudana, baina mina gure biziaren parte da, eta ni minetik ihesi ibili beharrean, minarengana joaten naiz, minarekin elkarrizketan aritzen jaiz, eta min horretatik edertasuna ateratzen saiatzen naiz.

Zergatik idazten duzu zuk Alaine?

-Beharrizana dudalako idazten dut nik, alde batetik. Sormena nik gurpil bezala ulertzen dut; gurpila martxan jartzea hasieran kosta egiten da, baina heltzen da momentu bat, zeinetan gurpila maldan bera doan, eta sormena ere horrelakoa da. Idatzi nik neuretzat idazten dut lehenik eta behin. Nire biziarekin pozik bizi naiz, baina, batzuetan behar dut idatzi. Idazten dudan hori niregandik ateratzen da, eta fikzioarekin bateratzean ez da soilik neurea, nahaste bezalako bat da. Konturatzen naiz, gainera, irakurle batzuengana heltzen dela eta benetan barruan gordetzen dela. Eta niretzat hori baino gauza ederragorik ez dago. Zilbor heste moduko bat sortzen da nire eta irakurlearen artean, liburuari esker.

Askotan galdetuko zizueten zure liburuek zenbat daukaten errealitatetik eta zenbat fikziotik€

-Liburuak publikatzen hasi eta segidan galdera honek min ematen zidan, eta urteak eman ditut galdera hau saihesten. Hasierako hazia neuregan dago, baina adarrak hazten hasten dira, eta hori fikzioa da. Nik, gainera, bisualizatu egiten dut, nire gorputzetik atera eta irakurlearen gorputzean sartzen direla horrek adar denak. Nik uste dut idazle guztiok egiten dugun gauza bat dela, gauza da gehiago aitortzea ala gutxiago aitortzea; gehiago disimula-tzea edo gutxiago disimulatzea. Nik irakur-tzerakoan ez diot erreparatzen idazlearen aldetik zenbat den errealitatea eta zenbat fikzioa, ez didalako axola. Gainera, ikuspuntu horretatik liburu bat irakurtzeak kaltetu egiten du irakurketaren esperientzia. Kasu batzuetan idatzi izan dut nik bizi izandakoari buruz, baina beste kasu askotan ez. Kasu honetan, bizi izan dut prozesu bat; ez Sararena, Sara ez baita Alaine, Sararen bizia ez baita Alainerena. Baina nik ere alaba bat galdu dut, eta esperientzia horretatik nobela idatzi ahal izan dut. Are gehiago, nire alabaren dolua egin dut nobela idazteari esker. Nobelan agertzen diren min eta emozio asko nik ere sentitu ditut.


Dolu gestazionala ere gai tabua al da?

-Dolu gestazionalarena oso gai tabua da. Nik umea galdu nuenean, orduan enteratu nin-tzen nire inguruko emakume askok ere galdu izan zutela. Ordura arte ez nekien ezer, ez delako ezer esaten. Eleberri honen bitartez hau guztia ikusaraztea da nire ametsa. Ez dut uste nobela batek ezer aldatuko duenik, eta gutxiago nire nobelak, baina hau ikusarazten hasi behar gara. Etengabe zapaltzen zaituzte, isilarazten zaituzte€ Emakumeenganako bortizkeriaren beste forma bat da hori. Hiru hilabetez isilik egotearena zergatik da? Abortu bat badaukagu zer gertatzen da, gu gara horren errudun? Lotsatu egin behar gara? Ez dugu merezi sostengurik, laguntzarik? Gizarteak produktiboak eta ugalkorrak izatea nahi du eta erreprodukzioaren ikuspuntua ere oso kapitalista da. Erreprodukzioa ez da umea egin, haurdun geratu, umea eduki, umea ondo egotea, seigarren hilabetean lanera joatea€Amatasuna ez da hori, amatasuna oso zabala da. Hori da liburuan aldarrikatzen dena, ama izate hori, nahiz eta zure umea eskuetan ez eduki. Zilegitasuna guztiz kenduta duen dolu bat da abortuarena, zuk ezin duzu zure dolua modu naturalean egin, gizarteak ez baitizu uzten. Gure kulturan ez dago lekurik dolu horretarako.


Dolu horri lekua egiteko liburua al da hau?

-Dolu hori pasatu behar izan duten emakume horiengana guztiengana ailegatzea gustatuko litzaidake. Eta ez soilik hori bizitzea tokatu zaienengana, baizik eta guztiengana, jakin dezaten edonori gerta dakiokela, eta hau gertatu egiten dela. Espero dut liburu honek balio izatea pixka bat, behintzat, isilduak izan diren gorputz eta ahots batzuetara ailegatzeko eta besarkada bana emateko emakume horiei guztiei.


Bukatzeko Alaine, zure lan guztietatik gustukoena zein den aukeratu ahalko zenuke?

-Pentsatu egin beharko nuke, baina, momentu honetan, azken lan honekin oso lotuta nago. Sentitzen dut Karena besteak baino hobea dela, inoiz baino Alaine Agirreagoa dela. Askotan pentsatu izan dut nire literatura desegokia dela, idazten dudan moduagatik, batzuetan hala dela sentiarazi didatelako. Baina pentsatzen nuena berretsi dut, alegia, egin behar dudana hau dela, sinesten dudana hau dela, ailegatzen dena hau dela eta hau naizela ni. Maitasun handia ere badiot.

noticias de deia