Mende laurdena zuzenekoari emana

Duela pare bat aste aurkeztu zuten 2021ko Euskal Herria Zuzenean festibalaren edizioa. Aurten, gainera, 25. urteurrenarekin itzuliko da iazko hutsunearen ostean

31.05.2021 | 12:47
Jendea irrikaz dagoen arren, segurtasun neurriak mantentzea ezinbestekoa da.

Ekain akabera-uztaila hasiera. Gorriz markatutako datak dira Ipar Euskal Herriko agenda kulturalean. Zokorik txikienetik udari ongietorria ematen dio urtero, salbuespenak-salbuespen, hiru eguneko jaiak. Aurreko urteko ediziok ezin izan zuen izan. Aurtengoan, ordea, zitari eutsi dio Euskal Herria Zuzenean festibalak eta uztailaren 2an, 3an eta 4an ospatuko dute Irisarrin (Nafarroa Beherea).

"Aurten bai edo bai egin nahi genuen", azaldu du Julen Oilaburu jaialdiaren antolakuntzan dabilen kideak. Orain dela hilabete batzuk aurreratu zuten moduan, jaialdia egiteko asmoa adierazi zuten. Aurreko astean asmoa berretsi zuten, aurkezpena egin, eta lehenengo emanaldiak iragarri zituztelarik. Talde eragiletik adierazi dutenez, aurreko urteetako edizioen antzekoa izango da formatu aldetik, segurtasun neurri eta baldintza jakin batzuk bete beharko diren arren.

Pandemia osteko lehenak

Irrikan somatu dute jendea. Antolakuntzan etengabe ari dira lanean egoera berezi honetan ere aurrera ateratzeko asmoz. Jende andana gerturatuko dela aurreikusi dute: "Aurreko astean lehenengo 150 sarrerak atera genituen, eta 15 orduren buruan salduak ziren", Olaiburuk. Irati Fernandezek, EHZ Elkarteren bozeramaleak, ere poza ageri du, "jendearen beharra" aipatu du, adibidera, eta udako lehen jaialdia ez ezik, aspaldiko lehenengoa ere izango dela badakite.

Jende multzoari dagokionez, 1.000 lagun arteko elkarketak onartzen ditu, momentuz, Frantziak. Eta bertaratzeko PCR edo antigenoen proba zein txertoaren ziurtagiria eskatuko dute, besteak beste. Maskarak eta pilaketak saihesteko distantziak ere ez dira festan faltako. Frantziako Estatuak eskatzen dituen neurri horiez gain, Irisarriko udalarekin elkarlanean ari dira festibaleko kideak, ingurua antolatzen, kanpalekua egiteko. Hiru eguneko ekitaldia denez, ezinbestekoa da jendearen antolaketarako. Iragarri dutenez, 4 metro karratuko espazioa dagokio pertsona bakoitzari, egungo araudiarekin. Hala ere, "lehentasun" gisa eta "festibalaren izaeraren parte" definitu dute kanpinaren espazioa, eta lanean dabiltza, ahal den neurrian, hala izan dadin. Nolanahi ere, suprefeturarena da azken hitza eta egoerak okerrera nabarmen egingo balu, bertan behera uzteko aukera ere izango luke, hortaz.

Hogeita bost urtez

1996. urtean ekin zion gazte talde batek festibalari. "Nork esango lieke gazte horiei 25 urte beranduago mende laurdenaren urteurrena ospatuko genuenik", Fernandezek. Lehen urte hartan, Arrosa herria izan zuten topaleku. Izan ere, helburuetako bat, hori bera izan zen: Ipar Euskal Herriko gazteak elkartzea. Kostaldeko eta barnealdeko gazteen arteko banaketa nabaria zen orduan, eta desberdintasun hura haustea zuen xede, hain zuzen, itsaso aldekoak barrualdeko kultur ekimenera ekarrita. Hainbat urtez, Herriren rocka konpainiaren kontra izan zuen lematzat, eta herri "zapalduetako" taldeei bide ematen saiatzen zirela azaldu du Oilaburuk. Urteekin, gazteen elkargune izateaz gain, borrokak batzen joan dira: feminismoa, ingurumenaren zaintza, euskara€


Iparraldeko hiru herrialdeak ezagutu ditu festibalak. Arrosan (Nafarroa Beherea) hasi zuen bidea, eta han izan zen 2003ra arte. Zuberoako Idauze-Mendira aldatu zen gero, eta bertan, 5 bost edizio egin zituzten. Atzera berriz Nafarroa Beherera 2009tik 2012ra, Heletan elkartu baitziren. Lekornek (Lapurdi) lau urtez batu zituen Ipar Euskal Herriko gazteak. 2017. urtean, edizio berezia egin zuten, hiru kokapen desberdinetan: Baionan, Itsasun eta Baigorrin. Pandemia aurreko azkeneko edizioa Irisarrin egin zuten, eta aurten ere bertan elkartuko dira.

Baloreen jaialdi

Antolatzaileek azaldu dute festibala aitzindaria izan dela hainbat kontutan, bestelako jaialdiek gerora bere egin dituztenak, baso berrerabilgarrien edo komun lehorren aferetan, esaterako. Ekologiarekiko atxikipenean, beraz, "teoriatik praktikara pausu bat" eman dutela adierazi dute. Brigada Ubela izeneko taldearen proiektua, halaber, aspaldi jarri zuten martxan eraso matxisten kontrako prebentzioa egin eta horien aurrean erantzuteko. Oholtzan aritzen diren taldeei dagokienez, talde handiago zein txikiagoei ematen diete eskaintza eta euskarari eta Ipar Euskal Herriko eszenako taldeei leku berezia gordetzen diete.


Hala ere, EHZren bereizgarri nagusia, akaso, boluntarioen parte hartzearena da. Izan ere, jaialdiak iraun bitartean, eguneko txanda bat egiten dutenei sarrera ematen diete, dohainik. Boluntarioen lana goraipatu du Fernandezek, bai urtean zehar antolatzen dabiltzanena, baina baita egun horietan zehar aritzen direnena: "Festibalaren oinarria dira laguntzaileak, haiei esker lortzen da dena egiten". Garai batean 700 lagunek parte hartzen zuten bolondres gisara, egun, gutxiago dira behar dituzten eskuak. Ildo horretan, Fernandezek azpimarratu du ez dutela ia arazorik txanda horiek betetzeko, eta erantzun ona izaten dutela izen emateari dagokionez, "ia inoren atzetik ibili gabe, haiek etorri ohi dira guregana". Urtez urteko ohitura bihurtu omen da gazte taldeen artean ekitaldi kulturalaz gozatzeko, ekitaldian bertan sukaldean, barran, trafikoa bideratzen edota muntaketan parte hartzea. Laguntzaile gisa, gainera, esperientzia bestera bizitzeko aukera ematen duela uste dute EHZ elkartekoek, eta horrek bizipen bereziak ematen dituela, "ikuspegi eta lotura desberdina" ematen diena.

Hain zuzen, Irati Fernandezen eta Julen Oilabururen esperientzia festibalarekin halaxe hasi zela kontatu dute: "Lehenik txanda gutxi batzuk egin genituen, komunak garbitzen edo. Txandak luzatzen hasi ziren eta ardura gehiago hartzen joan ginen. Azkenean, 2019ko ediziorako antolakuntzan ginen".

Belaunaldi aldaketaz

Euriak eragindako kalteek kinka larrian utzi zuen jaialdia 2016an. Hurrengo urtean ez zen izan ospakizunik, 2018an, ostera, bereziagoa egin zuten, baina xumeagoa ere bai. Antolakuntza taldearen indarrak gutxi ziren ordurako. Biltzar nagusia deitu zuten 2019an "hil ala bizikoa", festibalaren etorkizunaz erabakitzeko. Hartatik, berriz, belaunaldi gazteago batek hartu zien lekukoa ordura arte lanean aritutakoei. Tartean, Fernandez eta Oilaburu.

Bi urte beranduago 25. edizioari forma ematen dabiltza. Egoera berezi honetara egoki-tzen ari dira, baina aurreratu dituzte honezkero lehenengo emanaldi batzuk. Goizez, herriko plazan, frontoian, emanaldiak izango dira: Tio Teronen semeak dantza taldea, Komunetik ikuskizuna, haurrentzako Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Andoni Ollokiegi bakarlaria€ Arratsaldez, kontzertuetara bideratuko dute jendea. Aurtengo kartelean garrantzia eman nahi izan diete pandemian diskoa aurkeztu ezin izan duten talde horiei, eta besteak beste, Torheit, Ruper Ordorika, Chill Mafia edo Potato izenak ageri dira. Ohiko estilo nahasketa eta aniztasuna mantentzen saiatuko dira. Kontzertu eta emanaldi gehiago zabalduko dituztela ere iragarri dute, sarrerak salgai jar-tzen joan ahala.

Horiez gain, urtero moduan, gogoetari espazioa emango diote. "Iparraldean pil-pilean dabil etxebizitzaren gaia", esan du Fernandezek. Urteurrena aitzakia hartuta ere, festibalaz jardungo dira, baita arteaz ere. Festaz gain, borrokari ere helduko diete hitzaldi eta mahainguruen formatuan.

Beste horrenbeste

Urtemuga berezi honen urtean etorkizunaz mintzatzean zaila da esaten gazteentzat nolakoa izango den festibalarentzat. Hala ere, belaunaldien arteko transmisioari berebiziko garrantzia eman dio Fernandezek. Jaialdia beste 25 urtez manten-tzea gustatuko litzaieke: "zaila da esaten etorkizunean egongo ote den. Hala ere, EHZ hasi zutenek ez zuten espero guk 25. ospatuko genuenik". Irauten duen bitartean, behintzat, aldatzen joango delako esperantza agertu dute antolatzaileek, gazteen behar eta interesetara egokituko den jaialdia egiten jarraituko dutelakoan.

noticias de deia