2013an Katakrak sortzea erabaki zutenean bere kideek argi zuten Iruñeak topaketa kultural kritikorako toki baten beharra zuela. Horregatik, ez ziren konformatu liburu denda eta kafetegi soil batekin. Eraldaketa sozial sakon baten aldeko proiektuari ekin zioten, hiria ahal zuten neurrian aldatzeko borondate osoarekin. Iruñeko Kale Nagusiko 54 zenbakian dago kokatuta hiriko kultura zentro esanguratsuenetako bat bilakatu da Katakrak. Bere kideak zazpi urtez aritu dira etengabe sortzen eta eraldatzen, eta hori nabari da euren ekarpenean: 1917 ekitaldi egin dituzte areto kooperatiboan, 14.799 menu eman dituzte kantinan, 29.999 liburu ale izan dituzte liburu dendan eta 13.352 pertsonatik gora batu dituzte bertan antolatutako ekitaldietan.

Sumatu zuten espazio bat behar zutela eztabaida ideologiko eta politikorako, kultura ikuspuntu kritikotik lantzeko eta elikadura burujabetza jorratzeko. Ez ziren ezerezetik hasi, bazuten La Hormiga Atomica liburu dendaren esperientzia, eta ildo berberei jarraitu zieten proiektua martxan jartzeko. Halaxe kontatu du Nerea Fillat Oiz Katakrakideak: "2013an UPN zegoen Iruñeko Udalean agintean eta apenas zegoen ekitaldiak aske eta kontrolik gabe egiteko aretorik. Gatazka politiko horretan kokatu behar dugu Katakraken irekiera".

Apustu handia izan zen Curia kaleko La Hormiga Atomicak abiatutako proiektua Kale Nagusira eramatea, ekonomikoa bereziki. Urte hauetan gorabeherak izan dituzte, baina egungoa baino egoera latzagorik ez dute ezagutu. "Oso gogorra izan da lokala itxi behar izatea eta ez jakitea hortik aurrera zer gertatuko zen, nola moldatuko ginen eta munduak berdin jarraituko zuen...", azpimarratu du Fillatek. Dagoeneko berriz ireki dute lokala, langileak ari dira aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientetik ateratzen, eta jendea hasi da liburu denda eta kantinara gerturatzen. Babes bila eta komunitateko kideak topatzeko grinarekin, bizilagunek Katakrakera gerturatzeko beharra duela sumatu dute.

Komunitatea indartzen

'Bakarka ezin da. Zurekin bai ala bai', dio martxoaren 18an abiatu zuten bazkide kanpainak. Fillatek azaldu duenez, aspalditik zuten kanpaina antolatzeko ideia eta itxialdian erabaki zuten martxan jartzea. Parte hartzea sustatu eta komunitatea indartu asmo dute bereziki, proiektuari eusteko beharrezko sustengu ekonomikoa eskuratzeaz gain.

Era askotara jar daiteke aletxoa Katakraken alde. Norberak bere neurriko ekarpena egin dezake eta argitaletxearen liburu bat, ekitaldietan tokia gorde edota ikastaroetan deskontuak izango ditu trukean. Bestela ere lagundu daiteke, eraikineko obretan, lan txanda boluntarioetan parte-hartuz, kartelak itsatsiz etab. Ahal dutenean festa handi bat egiteko asmoa ere badute.

Momentuz harrera borobila izan du kanpainak. Hilabete eskasean 200 bazkide baino gehiago batu zaizkie proiektura, eta horrek afektiboki bultzada handia eman die: "Erakutsi digu proiektuak zentzua daukala hiri honetan eta jendeak bere alde apustu egiten duela, aurrera jarraitzea nahi dutelako".

Inoiz baino beharrezkoagoa

Katakrak sortzera bultzatu zituzten behar eta erronkek ez dute gaurkotasunik galdu Fillaten ustetan. "Bizi dugun krisialdi globalak argi azaleratu du gizarte eta antolakuntza forma honek dakartzan gatazka latzak. Mundua berrantolatzeko aukera dugun honetan horrelako espazio bat inoiz baino erabilgarriagoa dela uste dugu". Abagune honetan "hobeak izatea" da Katakraken erronka, "esparru guztietan hobetzea". Bai sozialean, politikoan, kulturalean zein elikadura subiranotasunean. "Krisi honek aukera ematen du lehengo munduari buelta bat eman eta hemendik aurrera gure funtzionamendua berriz planteatzeko", aipatu du Fillatek.

Gardentasuna, horizontaltasuna eta asanblada dira Katakraken oinarriak. Hasieratik ahots propioa izateko asmoa adierazi zuten, nahiz eta hainbat profil politikoko pertsonak elkartzen dituen. Xede horrekin, mailakaantolatzen dira. Irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko kooperatiba bat da. Horren baitan antolatzen dira langileak, eta aipatzekoa da soldata berdintasuna dagoela haien artean. Badago asanblada handiago bat, estrategikoa, non langileek zein proiektuaren inguruko kolektibo zabal batek parte hartzen duten, eta bertan hartzen dira erabaki nagusiak.

argitaletxea

Guzti horri esker anbizio handiko proiektu plurala sortu dute. Ibilbide oparo honen mugarrietako bat 2016an sortu zuten argitaletxea izan da. Euskaraz eta gazteleraz ez dauden testu interesgarri eta garrantzitsuak hizkuntza hauetara ekartzen dituzte, batez ere "gizartea eraldatzen eta berrantolatzen lagunduko duten testuak". Aurten euskaraz bi nobedade atera dituzte eta jada salgai daude: Silvia Federiciren Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria eta Manuel Tiagoren Bost egun, bost gau. Gainera, laster gaztelaniaz beste bi lan argitaratzeko asmoa ere badute: Peter Linebaugherren La incompleta, verdadera, auténtica y maravillosa historia del 1 de mayo saiakera eta Cuando tu jefe es una App.