Hamar urte dira jada Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) Musika airean bere azken eleberria idatzi zuenetik. Ordutik hona, Ez naiz ni (2012) ipuin bilduma eta Orain hilak ditugu (2015) poesia liburua ondu ditu. Emakundeko komunikazio arduraduna ere bada idazlea eta 2015ean euskaltzain urgazle izendatu zuten. 2004an ekin zion bere ibilbide literarioari eta ordutik hona hainbat sari irabazi ditu eta beste hizkuntza batzuetara itzuli izan dituzte bere liburuak, baita film eta antzerki-lanen oinarri bihurtu ere. Jaiok aitortu duenez, “istorio luze batean barneratzeko gogo-tsu” zegoen.

‘Aitaren etxea’ aukeratu duzu liburuaren izenbururako. Zer irudikatu nahi izan duzu?

Tira, Arestiren poemaren oihartzuna dago, batetik. Iruditzen zitzaidan oihartzun horrek laguntzen zuela azpimarratzen liburuaren ideia bat. Gizarte hau norbaiten etxea baldin bada, aitarena dela, hau da, gizonena. Gizonen moldera egindako mundu bat da. Berdin da aberriaren defentsaz ari garen, edo beste gai bati buruz. Beti dago generoa eta botere harremana dena zeharkatzen. Bada modu bat adierazteko botere harremanen eragina itzela dela eta nola askotan ikusezina den. Nobelako protagonistak gutxika ikusiko du nola ikasi duen gizon izaten, hain justu, aitaren etxean.

“Idaztea mareabehera arriskutsu bat da? Mareabehera datorrenean desagertu egiten baitira eguneroko hitzak, orduan agertzen dira berunezko hitzak, benetakotasunaren pisuak inoiz itsas hondora eramandakoak”. Idazketari buruzko gogoeta ere egiten duzu.

Bai. Batzuetan idazketa prozesuan bakarrik agertzen dira benetako hitzak. Fikzioan bizi-tza errealean baino egia gehiago aurkitu dezakegu askotan. Bai idazle bezala, eta bai irakurle bezala. Idazle bezala, niretzat idaztea beti da deskubrimendu bat. Idazten hasten naizenean ez dakit zehazki zer kontatu nahi dudan, intuizio bat daukat, baina ez dakit, eta hain zuen, horregatik idazten dut: deskubritu nahi dudalako zer den hor barruan dagoena, zer den zehazki esan nahi dudana. Sorkuntza prozesutik ateratzen dena egiazkoa da, agian nire eguneroko hitzetan baino egia gehiago egon daiteke hor. Horregatik idazten ditut liburuak.

Baina idazteko askatasun faltaz ere mintzo zara liburuan. Emakume bezala, autozentsurarako joera edo behar hori sentitu izan duzu?

Idazteko askatasun faltaz baino, gehiago ari naiz idazteko aukerei eta baldintzei buruz. Benetan sinesten dugu gaur egun emakumeek gizonen baldintza berberak dituztela idazteko? Eta ez bakarrik idazteko, noski. Batetik, idazteko baldintzak daude: oraindik neurri handi batean Woolfen gela propioa aldarrikatzen ari gara? Gure denbora, gure lekua, gure baliabideak? Baina horrez gain, beste gauza asko daude. Adibidez, prestigioa, onarpena? Nork ematen dio prestigioa edo balioa obra bati? Nork erabakitzen du zein gai diren unibertsalak eta zeintzuk ez, zein-tzuk diren gai serioak eta garrantzitsuak eta zeintzuk ez?

Eta autozentsuraz galdetzen didazunez, kontuan izan gure gizartean femeninoa debaluatua dagoen heinean, normala dela tentazioa izatea idazle bezala “femeninoegi” ez azaltzeko, edo gai “femeninoegiak” ez aukeratzeko? Gizonek ezarritako patroira egokitzeko tentazioa beti dago hor. Baina, hala ere, ezkorregi ez agertzeko, uste dut azken urteetan zenbait aurrerapauso eman ditugula honetan, zorionez.

Idazten dituzun liburuetako protagonistak emakumeak izaten dira. Oraingoan gizon bati ere jarri diozu ahotsa.

Gizon baten buruan sartzeko gogoa nuen. Nik uste dut buruan nuela galdera bat: Nola bizi ote dute gizonek garai aldakor hau? Zer sentitzen dute, adibidez, emakume bat bortxatzen dutenean edo hiltzen dutenean? Errudun sentitzen dira? Deseroso sentitzen dira gizon direlako? Ala horrek beraiekin zerikusirik ez duela pentsatzen dute? Hor arakatu nahi nuela uste dut. Jakin-mina handia delako. Eta esan behar dut idatzi bitartean oso presente izan dudala topikoetan eta orokorkerietan jausteko oso terreno labainkorra dela, eta horregatik ibili naiz beldurrez bezala, kontu handiz, idatzi bitartean.

Gizonarenaz gain, bi emakume-ahots ere badira liburuan, ezta?

Bai. Gizon batek eta bi emakumek hitz egiten dute, eta bakoitzak agerian utziko du, beste gauza batzuen artean, zein pisu izan duen generoak bere egiteko moduetan, bere heziketa sentimentalean, besteek berarengan izan dituzten espektatibetan... Generoak gizarte honetan eragiten digun gehiegizko marka hortaz hitz egin nahi nuen. Nola baldintzatzen gaituen.

Erreza izan al da gizon baten begietatik sentipenak azaltzea?

Ez da erreza izan. Aitortu behar dut askoz errazagoa egin zaidala bi emakume protagonisten atalak idaztea.

Deigarria egin zait pertsonen erabilera, Ismael eta Libe bigarren pertsonan dauden bitartean, Jasonerena lehenengo pertsonan dago.

Iruditu zitzaidan bigarren pertsona eraginkorra zela gure barne ahotsa edo kontzien-tziaren ahotsa azaltzeko, eta interesatzen zi-tzaidan neba-arrebek egitea errepaso hori. Nola ikasi duen batek gizon izaten, nola ikasi duen besteak emakume izaten. Jasoneren ahotsa, berriz, lehen pertsonan izatea pentsatu nuen, testigantza pertsonal bat adierazteko ere eraginkorra iruditu zitzaidalako. Gertukoa, zuzenagoa.

Barne eta kanpo gatazkak elkartzen dira liburuan, norberarenak eta kolektiboak. Bakoitzaren epaia eta gainerakoena. Zer bilatzen zenuen?

Bizitzan hainbat erabaki hartzen ditugu, eta batzuetan iruditzen zaigu oso modu askean eta eremu pertsonaletik bakarrik hartu ditugula erabaki horiek, baina ez, gizartearen arauek guztiz baldintzatzen gaituzte eta generoak hor duen eragina itzela da. Barne gatazkak eta kanpo gatazkak guztiz konektaturik daude. Gure erabaki intimoenak ere, patroi sozial baten eragina dute. Pentsa, sexua izateko modua ere... Norbaitek pentsa dezake gauza oso intimoa dela norbaitekin sexua izatea, eta bai, bada, baina guztiz baldintzatuta dago patroi kultural, sozial, eta botere harremanengatik. Gure maitatzeko modua baita ere, maitemintzeko modua? Ez da gauza intimo bat bakarrik, soziala da. Nobela honekin, gure eguneroko harremanen azpitik lur azpiko ibaien antzera dabiltzan botere harremanak azalarazi nahi nituen, eragina dutenak gure harreman sentimentaletan, gure lanetan, gure familian, gure bizitzako eremu guztietan.

Aita sukaldean gurutzegrama egiten dabileneko pasartea, Fernandoren emaztea? badira liburuan mikromatxismoa bistaratzen duten egoera asko, errealitatean izaten direnak bezainbat, eta irakurlearen barrenak astintzeko balio dezaketenak. Erreza izan al da egoera guzti horiek hain modu kontzientean liburuan jasotzea?

Kontzientzia hartzea, hori da liburuan aldarrikatzen den zerbait. Berdintasun ezaren kontzientzia hartzea ez da beti erraza. Baina behin klabe batzuk eskuratuz gero, leku guztietan ikusi dezakegu. Eguneroko jarduera bakoitzean.

Eredu heteropatriarkalean oinarrituta dagoen heziketa baten ondorioak azaltzen dira liburuan: emakumeak duen errudun sentitzeko joera, zaintzaren aurrean ezarri zaion rola, beraren-tzako erreferentziazko gizonak direnen onespenaren beharra? Gizona aldiz, berekoia, bere pribilegioetatik ezin urrundu dabilena, sentimenduak azaleratu ezin dituena, segurtasun faltaz eta beldurrez betea, emakume baten azalean sartzeko ezintasuna duena? Berdintasunaren bidean desikaste prozesu oso bat egiteko dagoela uste duzu?

Niretzat klabea da, lehenik eta behin, kontzientea izatea nondik ari garen hizketan, idazten, erabakitzen, bizitzen? Zein den gure lekua munduan. Izan ere, iruditzen zait askotan leku neutro batetik ariko bagina bezala neurtzen ditugula gauza guztiak, eta ez da horrela. Tranpa bat da. Errealitatea “tuneatzen” duen tranpa bat. Bakoitzak leku bat du mundu honetan, klase sozialak, dituen baliabideek, generoak eta beste hainbat faktorek baldintzatzen dutena. Horren kontziente izatea lehen pausoa da besteak ulertzeko eta gauzak aldatu ahal izateko eta hor uste dut emakumeek feminismoak emandako tresnei esker egin dugula lan bat, hausnarketa bat. Gure egoeraren kon-tzientzia hartu dugu. Uste dut gizonek egiteke dutela, neurri handi batean, hausnarketa hori. Batzuek egin dute, baina gehiengoak ez. Normala da, ez baitute hausnarketa hori egiteko urgentzia sentitu guk sentitu dugun bezala.

Iñigo Muguruzari eskaini diozu liburua.

Asko sentitu nuen haren heriotza. Berarekin elkarlanean aritzeko aukera izan nuen, haren abestien letra batzuk eginez eta abar? Horrez gain, banekien berak hausnarketa hori eginda zuela, gizonen pribilegioena, botere harremanena eta abar. Berarekin batera, hausnarketa hori egin duten eta euren pribilegioi uko egiteko prest agertu diren gizon berri guztiei eskaini nahi nien liburua.

Berdintasuna lortzeko bidearen amaieran argia ikusten da, beraz.

Berdintasunaren aldeko borrokan guztiz behartuta gaude arrakala txikienean ere argitasun izpi bat ikusten, bestela ez genukeen sekula aurrera egingo, hain da zaila, hain da oztopoz beteriko bidea. Itxaropena izatea guztiz beharrezkoa da ez etsitzeko. Itxaropena behar dugu, baina itxaropen borrokalari bat.