Aurrera-atzerako mugimenduak eta giroan dagoen hezetasun beroak logura infinitu batean sartu nau. Noizean behin, betazala apur bat altxatzea lortzen dut. Autobuseko leihoaren beste aldean, ukitu ezberdineko berdetasuna hazten dela ikusi dezaket. Ederra dirudi, baina betazalen pisua astunegia da segundo bat baino gehiagoz jasateko. Eserleku estuan, hankak zapalduak ditut hilabeteetako bidai luzerako ditugun motxila handiekin; sabela, aldiz, azokan erositako bananaz inguraturik dut, eta lepo-buru inguruan jertsea jarri dut, leihoko beiraren kontra ematen ditudan danbatekoak samurtze aldera. Loaren plazera eta estutasunaren deserosotasuna nahasturik joan dira ordu amaigabeetan. Hala izan da autobusaren bat-bateko geldialdi batek muturra aurreko eserlekuaren kontra txikitu didan arte. Bienvenidos a Salento!, oihukatu du gidariak irribarretsu.

Herriko plaza dirudienean jaitsi gara, Nuestra señora del Carmen elizaren eskaileren alboan. Ostatu bila abiatu gara eta bidaiaren deserosotasunak apurka-apurka iragan urruneko oroitzapen bilakatzen hasi dira, herriko kale koloretsuek gure begiak alaitu dituztenean. Eskuaira eta kartaboiez eginiko kaleetan zehar barreiatutako eraikin baxuak ortzadarraren kolore gama guztiaren konbinaketekin daude margotuak, nolabaiteko oreka psikodeliko batean.

PALMONDO ERRALDOIAK

Motxila erraldoia ostatuan utzi eta herri inguruan dagoen natura harribitxia ezagutzeko asmoarekin ekin diogu bideari. Souvenir denda eta jatetxe moderno dezente badaude ere, poztu egin gaitu ikusteak inguru hontara bisitan gatozenak ez garela soilik atzerriko bidaiariak. Izan ere, kolonbiarrak ere badatoz Salentok eta bere inguruak eskaintzen dituzten edertasunez gozatzera. Horietako bi neskarekin egin dugu topo Valle del Cocora bidean gaudela, Ana Maria eta Claudia dute izena. Bi lagun hauek Manizales hiritik etorri dira asteburu pasa. “Kolonbiar guztiek ezagutu behar duten” Coco bailara euren begiez ikusteko asmoz, beraien esanetan. Beraien ahotik ikasi dugunez, aurki ikustera goazen bailara horretan Kolonbiako zuhaitz nazionala den palma de cera erraldoiak ikusteko aukera izango dugu. Hasieran pentsatu dugu, norberak bere herrialdea saltzen duenean nahigabe egin ohi duen esajerazioa zela palmondo erraldoiena. Bada, ez. Aho bete hortz geratu gara. Palmondoak eskalatik kanpo daude, pizza baten gazta luzatzen den moduan luzatu dituztela dirudi, zerutik tiraka lainoen aldera hurbiltzeraino.

Kolonbiarrek jende atsegin eta berri-tsuaren fama dute, eta Ana Maria eta Claudia, kolonbiar peto-petoak dira zentzu horretan. Eurekin jarraitu dugu mendi-ibilaldia eta soilik amerikar kontinentean bizi diren txoriak ikusteko aukera izan dugu: kolibriak. Palmondo erraldoietatik, txori ñimiñoetara igaro gara une batean. Inguru honetan, beste behin, natura neurria ezin hartu ibili dela dirudi. Gure lagun berriek ikusiak zeuzkaten hegazti txiki hauen mugimendu bizkorrak, baina hain da hipnotikoa euren hegaldi zaratatsu eta zehatza, bertan geratu gara denbora luzez.

Behin Salentora itzulita, gosea ase-tzeko garaia iritsi da. Herriko plazan dauden txosna moduko jatetxeetara eraman gaituzte bi neskek. Plastikozko aulkietan eserita eta mahai okertu baten gainean, platera baino handiago den platano frijituz eginiko patacón con queso zerbitzatu digute. Ana Maria eta Claudia anfitrioi paperean sartuak daude. Kolonbiako kafearen ardatzean gaudenez, hurrengo egunerako plana lotu dute: kafe plantazio batera bisita.

URRE BELTZA

Goizeko euri langarrak misterio ukitu bat eman dio paisaiari. Landarediak lurreko txoko guztiak gainezka betetzen ditu eta maldan behera goazela, familia batek kudeatzen duen kafe plantaziora iritsi gara. Aromaz beteriko usainek egin digute ongietorria. Esku aditu batzuek egindako kafe bat edan ostean, “urre beltza” nola ekoizten den ikustera joan gara. Heldutasun-maila desberdineko kafe aleak biltzeari ekin dio jabeak. Gu, atzetik goaz, eta datu bitxiren bat entzuten dugunean elkarri begiratzen diogu, harridura aurpegiz. Monolaboran-tzatik urrun, landare ezberdinak daude han-hemenka, bananondoak, esaterako, eta baita zer den identifikatu ezin dudan beste landare bat ere. Anana dela jakin dut gerora.

Salentora itzulita, lagun kolonbiarrekin igaroko dugun azken arratsaldeari zukua atera nahian, arepa ba-tzuk jatera joan gara. Gure bi lagunei etxera itzultzeko garaia iritsi zaie. Joan aurretik, baina, Manizalesen berriz elkartzeko gonbita luzatu digute. Kolonbia konplexua da bere osotasunean ulertzeko, eta hamaika gauza topatzen ditu bisitariak zer diren ulertzen ez dituenak. Hala ere, badira bi gauza segituan ikasten direnak: lurra oso emankorra dela, batetik, eta jendea ezin jator eta eskuzabalagoa dela, bestetik.