Datorren ostegunean, martxoak 2, arratsaldeko 29.30etik aurrera, Arriaga Antzokiak Alberto Iglesiasen 'Las que fueron silencio' izeneko antzezlanaren estreinaldia jasoko du. Obra honek Gerra Zibilean eta frankismoaren lehen urteetan zehar preso hartu, errepresaliatu eta espetxeratu zituzten emakumeak gogora ekartzen ditu. Emanaldi horrez gain, beste bi eskainiko dira: bata martxoaren 4an, larunbatean, eta bestea hilaren 5ean, igandean, biak arratsaldeko 19.00etan.

Proiektu hau aurrera eramaten duen taldea maila gorenekoa da. Izan ere, Alberto Iglesias egileaz gain, Javier Hernández-Simónen zuzendaritza izango baitu. Bilbotarrak aho zapore bikaina utzi zuen duela gutxi Arriagan, berak zuzendutako Los santos inocentes antzezlanarekin etorri zenean. Orain, Hernández-Simónek 'Las que fueron silencio' zuzentzen du, omenaldi bat, askatasuna eta duintasuna kentzeko ahaleginen xede izan emakumeei ez ezik, bizitza osoan isilpean bizi behar izan zuten guztiei ere. Muntaia honek, beraz, antzerkia pertsona horien guztien ahotsa izatea aldarrikatzen du, haien izenak historiaren baitan ezabatuta gera ez daitezen. Antzerkia memoria-ariketa gisa, nor garen eta nondik gatozen gogoratzeko eta, kasurik onenean, iraganeko akatsak ez errepikatzeko.

Horretarako, obran antzezle bikainek parte hartzen dute, eta horietako asko emakumeak dira: Itxaso Gil, Irene Bau, Lucía Lasarte, Vene Herrero, Itxaso González, Nagore Navarro, Gabriel Ocina eta Unai Izquierdo dira antzezleak.

'Las que fueron silencio' historiari begirada kritikoz so egiten dion antzezlan bat da, espiritu eraikitzailea ere baduena. Bere helburua ez da zauri zaharrak berriz irekitzea, baizik eta kontrakoa egitea: iragana argitzen laguntzea, gure memorian gordetzea eta, horrela, aurrera egin ahal izatea, adinez nagusia den gizartea izateko nahiari helduta. Obrak kontatzen dituen gertaerak ez ziren milaka kilometrora gertatu, oso gertukoak eta ezagunak ditugun lekuetan baizik. Egunero ibiltzen gara kaleetan barrena, haietan duela ez hainbeste zer gertatu zen jakin gabe. Hori dela eta, obra honek aukera ematen dio hitzari aurrera egin dezan, bidea egin dezan, oihala altxatu eta zauriak agerian uzteko, aireak senda ditzan eta, horrela, historiaren haragia ustel ez dadin. Azken batean, hitz egitea, esandakoa errepikatzea, barruraino sartu arte, hezurrek beraiek ulertu arte. Hori da Las que fueron silencioren egitekoa. Jakinda orduan, eta soilik orduan, hartu ahal izango dugula arnasa askatasunez.

Testuinguru historikoa

Gerra Zibilaren azken urteetan eta frankismoaren lehen urteetan, Euskal Herrian bereziki, baina baita Espainiako beste leku batzuetan ere, beren ideia politikoak zirela eta errepresaliatutako emakumeak giltzaperatuta edukitzeko kartzela ugari metatu ziren. Kartzela horietan mota guztietako gehiegikeriak egin ziren pertsonen eskubide indibidualen aurka. Sistematikoki saiatu ziren emakume haien indibidualtasunarekin eta feminitatearekin amaitzen, haien erru bakarra sinesten zuten idealak defendatzea izan bazen ere. Emakume haiek, gure amek eta amonek, gosea, zikintasuna, pilaketa, torturak, irainak eta haurren lapurretak jasan zituzten, besteak beste, beren nahiarekin amaitzeko asmoz hartu zituzten neurrien ondorioz.

Ikertzaile askoren lan nekaezinari esker, horien artean Tomasa Cuevasi esker, emakume haien lekukotzak jaso ahal izan ditugu, zuzenean, haien eskutik. Jasotako lekukotzen bidez, bizitakoaren bortizkeriaz gain, denboran galdu diren ehunka gertaera txiki eta handiren berri izan dugu, zeinak itzuli egiten baitigute giza arrazan eta etorkizunean dugun itxaropena.