Astelehen honetan, abenduak 5, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbaok 'Ertibil 40' erakusketa aurkeztu egin du. Erakusketa Rekalde Aretoan egongo da ikusgai 2023ko otsailera arte.

ERTIBIL Bizkaiak lau hamarkada bete dituela ospatzeko, Rekalde Aretoa espazio garden bilakatuko da eta, erdian, agora bat izango da. Bertan, arte plastikoetako artistak (belaunaldi desberdinetakoak) hiru hilabetean zehar egongo dira esperientziak eta hausnarketak konpartitzen lurraldean izandako ekoizpen artistikoaren 40 urteei lotuta. Baina Workshop bat ere izango da. Foru espazioan hamar artista hasiberri egongo dira beren sormen prozesuak garatzen, eta 2023ko otsailaren 16an egingo den Workshop-aren azken egunean aurkeztuko dituzte lan horiek.

Rekalde aretoa topagunea izango da, eraikitzen ari den kontakizuna erakusteko espazio bizia. Ertibil 40an ez dira amaitutako lanak erakutsiko; aitzitik, pentsatzeko prozesuak garatzen ari den toki horretan murgiltzeko aukera emango die bisitariei.

Rekalde aretora doazenek aretoaren arkeologia ikusi ahal izango dute, azken urteetako esku-hartze artistikoen hondarrak. Espazioaren itxura proposamenaren hausnarketa artistikoetako bat da, hainbat irakurketa dituzten beste jarduketa batzuen agertoki eta euskarri gisa erabiliko dena: horma zahar bat ikus-entzunezko pieza desberdinetarako pantaila bihurtzen da hemen, harmaila batek bisitaria gonbidatzen du Ertibil proiektuaz eta Bizkaiko ekoizpen artistikoaz sakontzera, eta Ertibil Bizkaiaren lau hamarkadetako katalogoak erakusten dituzten narrazio-gailuak izango dira paretetan. Datozen egunetan hainbat ekintza, proposamen eta elkarrizketa izango dira, errizomaren antzera hedatzen direnak, elkarrekin pentsatzeko esperientzia bera jardueraren erdigune bihurtuz. EHUko Arte Ederren Fakultateak Agiri kulturala ziurtagiria emango die Ertibil 40 ekintzaren inguruan antolatzen diren jardueretan parte hartzen dutenei.

Lorea Bilbao Ibarraren esanetan: "Gaur egun Ertibili buruz pentsatzea Bizkaiko arte garaikidearen ekoizpenari buruz pentsatzea da, bai eta sortzaile belaunaldi berriek ekosistema artistikoaren bilakaeran egiten duten ekarpenari buruz pentsatzea ere". Ondoren honako hau gaineratu du: "Ertibil 40k hausnarketarako gunea izan nahi du, Rekalde Aretoan hiru hilabetez lan kolektiboa egingo da, hortik Bizkaiko testuinguru artistikoaz hitz egin ahal izateko. Horretarako, dinamika batzuk proposatzen dira, azken 40 urte horiri buruz hausnartzeko."

1983tik egiten den Ertibil Bizkaiaren ibilbide luzeak aukera ematen digu Bizkaiko lurraldean ekoizpen artistikoaren eta gizartearen bilakaeraren arteko lotura ulertzeko.

Talde kuratorialaren iritziz: «Ertibilek ez du elementu bereizgarririk, ez dator bat kontakizun esplizitu batekin, baina 40. urteurrena zer den ikertzean eta horretan sakontzean konturatzen gara iraupenak berak premisa kontzeptualik gabe eratzen den kontakizun oso interesgarria dakarrela. Horri esker, modu organikoan agertzen dira aldi bakoitzeko gakoak, egiteko erak, adierazteko kode berriak eta sentsibilitate berriak».

Iraupena duen sormenaren aldeko apustuak eratzen du kontakizuna. Kontakizun hori zatikatua, etena eta kontraesankorra izan daiteke batzuetan, baina Bizkaiko arte-ekoizpen garaikidearen ikusgarritasun eta isla gisa eratzen da.

Artea ezagutza-modu bat da, eta errealitatea ulertzeko ikuspegi berriak emateko gaitasuna du. Ertibil 40n apustu hori aldarrikatzen da eta praktika artistikoen berezko lengoaietatik abiatuta hausnartzeko baldintzak sortu nahi dituen proiektu batekin gauzatzen da: irudia, formala eta kontzeptuala, ahozko hitza eta hitz idatzia, espazio adierazgarria, sentsazioa eta emozioa, materiala eta ideala.

Ertibil 40ek azterketa-esparru propioa sortu nahi duen programa bat proposatzen du, ez hainbeste atzera begirako ikuspegi historiko batetik, baizik eta aktibatzen den eta etorkizunera begira proiektatzen den erreferentzia gisa. 

Ertibil 40 hausnarketa egiteko espazioa izango da, atzera begiratu nahi duelako puntu horretatik abiatuta berriz pentsatzeko Bizkaiko testuinguru artistikoaren garaikidetasunari buruz. Hala, dinamika batzuk proposatzen dira, azken 40 urte horiei buruz hausnartzeko, berriz aztertzeko eta hausnartzeko.