27 urteren ondoren, Gari & Maldanbera taldeak bere lehen diskoa zuzenean grabatzea erabaki du, eta lehenengo grabazioetako bat ekainaren 7an izango da Arriaga Antzokian, 19: 30ean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sarrerak salgai daude 15 eta 20 euro arteko prezioan (deskontuekin).

Hertzainak taldea atzean utzita, Garik bere senari jarraitu eta abesti propioak lantzeari ekin zion duela 27 urte, 1.995ean. Euria egin du ordutik hona, baina, bitartean, maldanberan jardun du, nork bere gailurra ukitu duela jakin eta jaitsiera gozatuz ekiten dionean. Hortik hartu zuen aspaldian taldearen izena: Gari & Maldanbera. Taldea Arriaga Antzokira itzuliko da, 2019ko otsailean, Gari eta Josu Zabala —bere lagun eta Hertzainak taldeko kide ohia— berriz elkartu zituen agertokira.

Datorren asteartean, ekainaren 7an (19:30ean), Gari bere errepertorioarekin berriz elkartzeko ilusioarekin etorriko da. Pandemia honek erritmo speedikoa bat-batean geratu eta atzera begiratzeko parada eskaini dio Gariri. Horrela, iraganera begiratu eta bere bakarkako ibilbide oparoan izandako hainbat momentu gazi-gozoz erreparatzeko aukera izan du. 'Esperantzara Kondenatua', 'Amets', 'Zaharra Zara Bilbo', 'Astiro eta Amorruz' edota 'Amapola' euskal herritar askoren soinu bandako parte bilakatu dira azken urteetan, Gariren ahots batzutan xuxurlatuari zein besteetan urratuari esker.

Orain, 27 urteren ostean, bere bakarkako ibilbidearen lehen zuzeneko diskoa grabatuko du, diskotik zuzenerako jauzian gertatzen diren ñabardura guztiak disko batean betikotzeko asmoz. Garik, entzuleengandik gertu, momentu hortan sortzen den magia hori disko batera eramatea erabaki du. Garirekin batera arituko da Maldanbera, bere taldea: Alex Alonso (bateria eta programazioak), Oier Aldekoa (baxua eta teklatuak) eta Miguel Moyano (gitarrak eta teklatua).