Amaitzear dagoen FANT Zinemaldi Fantastikoak Peio Cámara bilbotarraren kolaborazioa izan du. Ilustratzaileak FANTeko Sail Ofizialean eta Ikuspegi Fantastikoaren sailean parte hartu duten zazpi filmetan oinarritutako ilustrazioak egin ditu.

Zinemaldiko antolatzaileak Peiorekin harremanetan jarri ziren FANTen 28. edizioa hasi baino aste batzuk lehenago, eta, horrela, jarraibide bakar batekin parte hartzea proposatu zioten: bere irudiek ez zezatela filmaren historiaren sekreturik erakutsi.

Filmak ikusi ondoren, horietako bakoitzak iradokitzen ziona azaleratu zuen Peiok “Virus-32”, “The Advent Calendar”, “Y Todos Arderán”, “Ovella”, “Censor”, eta “Let the Wrong One In” pelikulentzako ilustrazioak sortzeko. “Nosferatu” filma ere ilustratu du, FANTek amaierako galarako hautatutako filma.

Ilustrazioak FANT 2022ren edizioaren barruan egindako aurkezpen-prentsaurrekoetan eman zitzaizkien filmen zuzendariei. Guztiak bat etorri dira irudien kalitateaz gain, haiek jasotzeko ilusioaz ere, eta nabarmendu dute zinemaldi batean horrelako opari bat jasotzen zuten lehen aldia zela.

Peio Cámarak 20 urte ditu eta oso txikitatik egon da artearen munduan murgilduta, eta marrazkiekin eta komikiekin gozatu du gaztea zenetik. Egun, Diseinuko eta Sorkuntzako Gradua ikasten ari da UPV/EHUn. Besteak beste, Peiok irabazi zuen, 2017an, Bilboko Udalak antolatutako Parrapean komiki-lehiaketaren 4. edizioa, eta 2021ean komiki bat aurkeztu zuen Iturfesten jardunaldietarako.

Peioren estiloa hertsiki lotuta dago komikiekin, eta bere lanean fantasia edo zientzia-fikzioa aurkezten du behin eta berriz. Marrazkiaz gain, pinturan, arte digitalean eta diseinuan espezializatzen da, eta, askotan, teknika horiek konbinatzen ditu irudietan.