Arriaga Antzokiak Decadencia antzezlana hartzen du asteburu honetan. Zehazki, Benjamín Pradok moldatutako obrak bie emanaldi izango ditu: larunbatean eta igandean, biak 19:00etan. Sarrerak salgai daude jada antzokiaren webgunean eta leihatiletan.
Maila altuko bi antzezle dira lan kaustiko eta probokatzaile honen protagonistak: Pedro Casablanc eta Maru Valdivieso. Obra honek ikuslea jazarri egiten du, inguratu, eta, sarritan, negar ez egiteagatik barre eginarazten dio. Casablanc-ek berak zuzentzen du ikuskizuna.
Bi bikote dira Decadencia lanaren protagonista: hiru aristokrata eta haien ahuleziei etekina atera nahi dien bizizale bat. Klasistak eta arrazistak dira, friboloak eta bihozgabeak, hipokritak, hutsalak eta egoistak. Harrapakari gisa jarduten dute, ez dute ez printzipiorik ez mugarik, baina bai beldurra: mespretxatzen dituzten koitaduak elkartu eta eraso egingo ote dieten beldur dira. Haien umorea sarkasmoa da, haien ironia amorrua. Barregarriak dira, baina baita arriskutsuak ere. Eta, guztiaren gainetik, zoritxarrekoak dira, denetik eduki arren hutsik daude, luxuak eta haragikeriak ez dituzte asetzen: goxokiak gozagarri izaten dira, haientzat ez, ordea. Ez dute maitasunean sinesten eta bikoteak osatzen dituztenean ez dute elkar maite dutelako egiten, elkarren beharra dutelako baizik, zentzurik okerrenean; ez dute elkar limurtzen, ehizatzen baizik; ez diote bere burua harremanari ematen, aitzitik, bere buruari prezioa jartzen diote, beren gorputzak salgai bihurtzen dituzte, eta minaren, abusuaren eta umiliazioaren bidez bakarrik iristen dira plazerrera. Eta desleialtasun bat mendekatzeko orduan, ez dute baztertzen traidoreari ihes egitea edo delitu bat egitea.
Steven Berkhoff umore beltzaren maisu da. Lan hau ispilu eta erradiografia da aldi berean: gure gizarteek barruan ezkutatzen dutena ikusten da ispiluan; gizakion gaixotasun moralak erakusten ditu erradiografiak.