Arriaga Antzokiak Philippe Jaroussky eta Thibaut Garciaren lehen diskoaren aurkezpena hartuko du ostegun honetan. 19:30ean itzuliko da kontratenorra Arriagara, eta emanaldirako sarrerak salgai daude jada, 30 eta 52 euro arteko prezioan.

Gitarrak eta bere arbasoek, lauteak edo tiorbak, ahotsaren inguruan ehundura erudituak eratu zituzten, eta mendeetan zehar nagusi izan ziren areto aristokratikoetan, melodian pentsatzean pianoa burura etortzen zaigun arren. Horregatik, Jarousskyk eta Garciak hari-instrumentu hori aldarrikatzen dute kontzertu honetan, eta birtuosismoz eta sentimenduz interpretatuko dituzte Dowland, Purcell, Giordani, Donizetti, Rossini, Britten edo Granadosen konposizioak, besteak beste.

À sa guitare (Warner Classics/Erato, 2021), elkarrekin egin duten lehen lan diskografiko honetan, Jarousskyk eta Garciak arriskuak hartu dituzte, eta urrats bat harago doaz haien ibilbide profesionalean, ohiko erregistroetatik ateratzeko apustua eginez. Horregatik, albumak hainbat estilo nahasten ditu: musika klasikoaz gain, artistak Ariel Ramirez argentinarraren 'Alfonsina y el mar' abesti mitikoarekin ausartzen dira; Luiz Bonfáren 'Manhã De Carnaval' abesti brasildarrarekin; edo Federico García Lorcaren 'Anda, jaleo' eta Matos Rodriguezen 'La cumparsita' abesti ezagunekin.

Diskoak Francis Poulenc XX. mendeko konpositore frantsesaren abesti batetik hartzen du izena, eta Granados, Mozart edo Fauréren lanak ere biltzen ditu, multzo anitz, harrigarri eta koloretsu bat osatuz, bai ikuspegi kulturaletik, bai ikuspegi estilistikotik. Diskoaren 22 abestiek 400 urte hartzen dituzte barne, eta Frantziako, Britainia Handiko, Austriako, Italiako, Espainiako, Brasilgo, Argentinako eta Ameriketako Estatu Batuetako musikagileen musika biltzen dute.

Erronka handia da Philippe eta Thibautek elkarrekin aurkezten duten lehen albumerako. Izan ere, hainbat abesti moldatu behar izan dituzte kontratenor baten ahots bikainaren eta gitarraren soinuaren berezitasunetara egokitzeko, batzuetan sotila eta harmoniatsua baita eta, beste batzuetan, indartsua eta kartsua.