Ohiko egitarautik kanpo, Bizkaiako foru museoek hainbat ekintza eskainiko dituzte abiatzen den kurtso berrian. Asmo horrekin jaio da, hain zuzen, MusEkintza arte eszenikoen lehenengo jaialdia. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen ekimenak bederatzi ikuskizun plazaratuko ditu Bizkaikoa sareko zazpi museotan.

Irailaren 24an hasi eta hilabete bakoitzeko azken larunbatean egingo den programak, gainera, diziplina ezberdinak uztartuko ditu, zinema zein antzerkia edota magia eta dantza. Oreka TX, Yogurinha Borova edota Hortzmuga antzerki konpainiaren partehartzea izango da museoak beste modu batera ezagutzeko aukera eskainiko duen ekimenean.

"MusEkintza museoak eta arte eszenikoak bateratzen dituen jaialdia da, ondarea eta artea dira batzen dituena. Jaialdi berezia izango da eta publiko mota ezberdinak batzen ahaleginduko gara", azaldu du gaur goizean Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak.

ZAZPI ESZENATOKI

Jaialdiak La Encartada Fabrika Museoa, Balmasedan; El Pobaleko Burdinola, Muskizen; Txakolingunea, Bakion; Euskal Herria Museoa, Gernikan; Arkeologi Museoa, Bilbon; Arrantzaleen Museoa, Bermeon; eta, azkenik, Muñatonestarren Gaztelua izango ditu eszenatoki. "Museo txikiak dira, baina erakargarritasunean handiak. Guk erakargarritasun handiagoa eman gura diegu. Jasotzen dituzten bildumak oso baliotsuak dira baita egunero eskaintzen dituzten jarduera programak. Programa hori osatu egingo dugu udazken honetatik aurrera", gaineratu du.

Diputatuak argitu duenez, "denetarik izango du: musika, dantza, zinema, antzerkia, umorea, magia... eta museoek eskaintzen duten dena". Helburuak ere ugariak izango dira. Batetik, sorkuntzaren sektoreari laguntzeko ahaleginari erantzuten dio proiektuak. "Badakizue zein momentu bizi dugun eta zein zaila den arte eszenikoentzat. Gure helburua da plataforma bat eskaintzea, berezia eta ezberdina, han ere tokia izan dezaten eta publikoak errazago izan dezan bertara hurbiltzea", azaldu du Lorea Bilbaok.

Bestetik, museoek eskaintza anitzagoa izan dezaten bilatzen da. "Uste dugu museoetan gauza ederrak gerta daitezkeela, ez beti museoaren programazioan daudenak", azaldu du. Azkenik, herritarrei beste modu batera heltzeko saiakera bat da, "ezagutza eta esperientzia osogoak eskainiz".

Marta Urcelay jaialdiaren sortzaile eta koordinatzailearen esanetan, "ikuskizunak berariaz sortu dira eskainiko diren espazioetan aurkezteko eta aurretik sortutakoak moldatu egin dira". Parte hartzeko aurretiaz eman beharko da izena joan nahi den ekitaldia egingo den museo edo gunean.

BEDERATZI IKUSKIZUN

Jaialdia Muñatonestarren gazteluan hasiko da, irailaren 24an. Mamba Beat Club taldeak inguruneari egokitzen zaion musika elektronikoa sortuko du La Glo artistak aireko dantza eskainiko duen bitartean. "Horri gazteluaren fatxadaren gainean Tracken enpresaren proiektatuko diren irudiak gehitzen zaizkio", deskribatu du. Bestetik, hamar saioko antzerki ikastaro bat antolatuko du Hortzmuga antzerki konpainiak. Bertan parte hartzen dutenek maiatzaren 24an izango den obran ikasitakoa erakusteko aukera izango dute.

Euskal Herria Museoan ere bi ekitaldi izango dira. Batetik, urriaren 30ean, filmatzeko toki bilakatuko da; izan ere, Bilboko Zinemagintza Eskolak film labur bat egiteko prozesua nolakoa den ikusteko aukera eskainiko du. "Aktore ezagunek ere parte hartuko dute", zehaztu du Urcelayk. Ekainaren 24an, berriz, Zentzumenen Akelarrea izeneko ekintza antolatuko da. Izaskun Barroso aktoreak antzerki-esperientzia bat proposatuko du William Shakespeareren eskutik Euskal Herriko mitologiara hurbilduz.

Azaroaren 27an Arkeologia Museoak bere espazioak girotuko ditu instrumentu akustikoekin Zukut taldearen eskutik. Argiztapen bereziarekin, Iñigo Olazabal eta Argibel Eubak osatzen duten taldeak instrumentu tradizional batzuen soinua hurbilduko dute jendearengana.

Abenduan ez da ekitaldirik egongo, baina datorren urteko lehena, urtarrilaren 29an, Arrantzale Museoan izango da. Bertan, inprobisazio ilustratuen ikuskizuna izango da Leire Llanoren eskutik, zeinek gaur egun garrantzi berezia duten gai globalei buruzko gogoetak partekatzeko aukera eskainiko duen. "Publikoarekin oso esperientzia interaktiboa izango da", argitu zuen koordinatzaileak.

El Pobaleko burdinolari dagokionez, otsailaren 26an zein ekainaren 11n Oreka TXen perkusioaren eta Janire Etxaberen aireko dantzaren eszenatoki izango da. Banbuak erabiliz esperentzia praktiko bat burutuko dute inguruan dagoen banbu-basoan. Marta Urcelayk esan duenez, "txalapartaren bidez iraganera bidaiatuko dugu".

Martxoaren 26an, La Encartada Fabrika Museoak Juana Lor aktore eta zuzendariaren Emakume aktetipoak_Reloaded. Haizea Águila eta Beatriz Villanuevarekin batera bizipen pertsonal eta profesionaletik ibilbide bat egingo dute, eguneroko egoerak eta portaerak partekatuz. Horrela, egungo emakumearengan bizi diren zazpi arketiko aurkeztuko dituzte, Antzinaroko zazpi jainkosa grekorekin bat datozenak.

Azkenik, apirilaren 30ean Txakolinguneak Txakolinaren magia du, Jon Zabal eta Yogurinha Borova artistaren eskutik. "Txakolinak dituen ezaugarrien berri modu erakargarrian hitz egingo digute", azaldu du. Urcelayk. ?