“El Método Grönholm” antzerki-eszenako fenomenoa Bilbora heltzen da Euskaldunaren eskutik, Madrilgo antzeztokietatik arrakasta handia izan ondoren. Obra hau duela 15 urte baino gehiago estreinatu zen, baina pasa den urtean antzeztokietara itzuli zen.

Euskaldunara iritsiko den apustu seguru eta sendoa da, eta arrakasta lortzen jarraitu gura duten maila handiko aktoreak izango ditu protagonista: Luis Merlo, Jorge Bosch, Marta Belenguer eta Ismael Martinez.

Euskaldunak Bilbora bueltan dakarren antzerki-fenomenoa da, eta aktoreek gaur goizean komunikabideen aurrean emandako prentsaurrekoan azaldu duten moduan, ikusle-entzuleak ez ditu hotz utziko. Abuztuaren 26tik irailaren 4ra arte egongo da karteldegian, Euskaldunako Auditoriumean.

Sarrerak www.euskalduna.eus webgunean eta ohiko beste kanal batzuetan eros daitezke. Prezioa: 27 euro (kudeaketa gastuak barne).

Sinopsis

Jordi Galceránek, obraren egileak, dioenez, ideia, kazetari batek, ezustean, supermerkatuko kutxazain izateko hautagai batzuen fitxa baztertuak aurkitu zituela kontatzen zuen erreportaje bat irakurri ondoren sortu zen. Fitxa horietan, arduradunaren ohar batzuk zeuden transkribatuta: “hau ez, oso lodi dago eta”, “moraka, eskua ematen ere ez daki”, “kiratsa dario”… Albisteak lan bila dabilen norbaiten eta lan hori emateko boterea duenaren arteko harremanean pentsatzera eraman zuen. Egoera horretan, lan bila dabilenak bere aurpegirik onena erakutsi gura du, edo, behintzat, berarengandik espero dela uste duen aurpegia, eta elkarrizketatzaileak aurrean nor duen jakin gura du, eta baita pertsona hori ote den behar duen pertsona mota. Engainu- eta maltzurkeria-jokoa da, eta, mugara eramanda, duela 15 urte baino gehiago estreinatu eta 2020an eszenatokietara itzuli zen antzerki-eszenaren fenomenoa bihurtu zen komedia.

Antzezlanak, multinazional batean kargu exekutiboa lortzeko azken hautagai gisa aurkezten ditu Luis Merlo, Jorge Bosch, Marta Belenguer eta Ismael Martínez. Hautagaiek hautaketa prozesuko azken proba gainditu beharko dute. Baterako froga horretan, enpresak proposatutako prozedura borroka bihurtzen da, eta bertan maltzurkeriak, ankerkeriak eta eskrupulu faltak mugarik ez dutela dirudi. Noraino iristeko prest egongo dira beti amestu izan dutena lortzeko?