San Telmo museoarekin elkarlanean, Pablo Uranga pintorearen 'Elguetako ehorzketa' izeneko obra zaharberritu dute Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko Kultura Ondasunen Kontserbazio eta Zaharberritze Graduko 16 ikaslek.

Pablo Uranga Diaz de Arcaya pintoreak (Gasteiz, 1861 - Donostia, 1934), Ignacio Zuloaga eta Santiago Rusiñolen garaikideak, Parisen elkarrekin bizi izan zenak, paisaien eta gai historikoen pinturan jarri zuen arreta eta erakusketa ugari egin zituen gure herrialdean eta atzerrian, kritika eta salmenta arrakastatsuak lortuz.

1900. urtean, Bilboko Arte Modernoko 1. erakusketarako, 'Elgetako ehorzketa' izeneko oihal gaineko olioa pintatu zuen, 2,60 metro altu eta 5,23 metro zabal. Lanak oso harrera ona izan zuen eta pintoreak berarekin gorde zuen lanerako erabili zituen estudio ezberdinetan.

María Ocejo Vergararen gradu amaierako lanak, 'Pablo Urangaren 'Elgetako ehorzketa' izeneko lanaren azterketa teknikoa, kontserbazio egoera eta esku hartzeko proposamenak', sakon aztertu zuen obra, eta aipatutako lan honetan ezarritako jarraibideei jarraituz, Kultura Ondasunak Zaindu eta Zaharberritzeko ikasleek zaharberritze prozesuari ekin diote aurten. Lehenengo fase honen ondoren, non, bereziki, kontserbazio egoera txarrean zeuden eremuetako pintura geruza kontsolidatu eta finkatu den, 2022ko udan lanek jarraipena izango dute graduko beste ikasle batzuekin. "Lan horiek aukera ematen digute formatu handiko eta kalitate tekniko eta artistiko handiko obra bat kontserbatzeko eta zaharberritzeko, Kontserbazio eta Zaharberritze Graduko ikasleei prestakuntza osagarria eskaintzeko eta, aldi berean, fakultatean gordailuan dagoen eta, zein bere kontserbazio egoeragatik esku hartzerik behar duen pintura lan bat zaharberritzeko. Lan horiek udan egin behar dira, ikasturteko eskola aldian ezin baita esku hartu, tailerren tamaina handia eta leku mugatua direla eta ", azaldu du Juan Luis Larrañaga irakasleak.