Maximilliano Contentiren luzemetraia

'Al morir la matinée' filma izango da gaurko proiekzioa FANT jaialdian

12.05.2021 | 16:15
Maximilliano Contenti zuzendaria, filmaren aurkezpenean.

BILBO. Gaur, maiatzak 12, arratsaldeko 18:45etan, Maximilliano Contenti zuzendari uruguayarraren 'Al morir la matinée' luzemetraia proiektatuko da Gólem - Alhondiga zinemetako bigarren aretoan, Bilboko Udalak antolatutako FANT - Bilboko Zinemaldi Fantastikoa jaialdiaren barruan.

Gaur goizean, Uruguaiko zuzendariak prentsaurreko batean aurkeztu du filma, eta bertan Vanesa Fernández ere izan da, Zinemaldiko zuzendaria.

90eko hamarkadan kokatzen da filma. Itxura guztien arabera, ikus-entzule gutxi bildu dituen zine-areto bateko funtzioa baketsua izango da. Baina euriak hiltzaile isil bat ekarri du aretora. Proiekzioaren ardura duen gazteak mehatxu horri aurre egin beharko dio bere bizitza eta ikus-entzuleena salbatu nahi baditu.

Maximilliano Contenti Montevideon jaio zen 1984an. Modu autodidaktan hasi zen zinemaz interesatzen. Film labur ugari egin ditu, eta baita film luze independente bat ere, "Muñeco Viviente V", nazioarteko jaialdietan hautatu eta sarituak. Zuzendari gisa egiten du lan publizitatean eta telebistan, hainbat ekoiztetxerentzat. 2013an Yukoh Films ekoiztetxea sortu zuen. Gaur egun "Tomte" egiten ari da, genero fantastikoko bere hurrengo film luzea, besteak beste.

Hau da FANTen Ikuspegi Fantastikoa atalean parte hartzen duen filmetako bat, "Ordinary Creatures" (2020), Thomas Marschallena; "Mom, I befriended ghosts" (2020), Sasha Voronovena; "Woman of the Photographs" (2020), Takeshi Kushidarena; "La sabiduría" (2020), Eduardo Pintoren, eta "Arboretum" (2020), Julian Richbergena, filmekin batera.

noticias de deia