Campos Eliseos antzokian

'Ilargi guztiak' filmak inauguratuko du FANT jaialdiaren 27. edizioa

07.05.2021 | 04:00
'Ilargi Guztiak. Todas las lunas' filmaren fotograma.

BILBO. Heldu da eguna. Gaur arratsaldean, FANT - Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 27. edizioa jarriko da martxan, 'Ilargi Guztiak. Todas las Lunas' izeneko filmaren proiekzioarekin. Lana Campos Eliseos antzokian proiektatuko da, maiatzaren 16ra arte iraungo duen jaialdiaren inaugurazio galan.

Filma ostegunean goizean aurkeztu da prentsaurrekoan, Azkuna Zentroko Bastida aretoan. Bertan izan dira Kultura eta Gobernantzako Zinegotzia, Gonzalo Olabarria; FANTeko zuzendaria, Vanesa Fernández; filmaren Zuzendaria, Igor Legarreta; eta Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea aktoreak.

'Ilargi Guztiak. Todas las lunas' fabula fantastikoak gogoeta egiten du heriotzaren aurreko beldurraz eta hilezkortasunaz. Azken Karlistaldiaren amaiera gertu dagoela, basoan bizi den emakume misteriotsu batek neskato bat erreskatatu du umezurztegi batean. Larri zauritua, eta, hiltzear dagoela, nes- katxak bere bila etorri eta zerura eramango duen aingeru bat ikusi duela pentsatuko du. Laster jakingo du izaki bitxi horrek betiereko bizitza eman diola, gauaren ilunean elkarrekin 'betiko' bizitzera behartuz. Egoera berri horretan, denboraren igarotze mingarriari aurre egin beharko dio, bere neskatxa gorputzean lotuta, Kandido izeneko gizon umila ezagutzen duen arte. Kandidok bere etxean hartuko du alaba balitz bezala. Gizonak lagundu egingo dio neskatoari bere izaeraren beraren aurkako borrokan eta kendu dioten bizitza berreskuratzeko ametsean.

Euskaraz filmatutako film hau Igor Legarreta euskal zinemagilearen bigarren film luzea da. Ikus-entzunezkoetan lizentziaduna Euskal Herriko Arte Ederren Fakultatean/EHUn, Igor Legarretak (Leioa, 1973) hainbat film labur idatzi eta zuzendu zituen Emilio Perezekin batera. Lan horien artean nabarmentzekoak dira "El Trabajo" (1998), Montpellier eta Locarnoko jaialdietako epaimahaiaren sariak jasotakoa; eta "El Gran Zambini" (2005), sari ugari jaso dituen lana. 2002an, "Urban Myths Chillers" telesailaren barruan, "Lost" eta "Room 301" atalak zuzendu zituen. Filmaxek Tele5 kanalerako ekoitzitako "Películas para no dormir" saileko "Regreso a Moira" (2006) telebistarako filmaren gidoiaren egilea da. Halaber, Antonio Banderasek ekoitzi eta interpretatutako "Autómata" (2014) film luzearen gidoilaria eta bigarren unitatearen zuzendaria izan zen. Era berean, "Zipi eta Zape y la isla del capitán" (Oskar Santos, 2016) film luzearen bigarren unitatea zuzendu zuen. Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako "Aries" (2005) eta "9 Santos" (2018) gidoien egileetako bat da, baita ICAAk babestutako "Rondo" (2011) gidoiarena ere. 2017an, "Cuando dejes de quererme" bere opera prima zuzendu zuen. Espainiaren eta Argentinaren arteko koprodukzioa, maitasuna, desamodioa eta misterioa batzen dituen thriller bat planteatzen du, eta Florencia Torrente, Eduardo Blanco eta Miki Esparbé dira aktore protagonistak.

Legarretak Jon Sagalá ("La sala", 2019; "Bosque de sombras", 2006) gidoilariarekin bate-
ra idatzia, 'Ilargi Guztiak' filmaren protagonista Haizea Carneros (13 urte) aktorea da, eta
hauxe du bere lehen interpretazio-lana. Berarekin batera, hainbat interprete ospetsu daude, hala nola: Itziar Ituño ("La casa de papel", 2017-gaur egun; "Loreak", 2014) eta Josean Bengoetxea ("Oreina", 2017, "Malas Temporadas", 2005). Gainerako aktoreak Lier Quesada ("Un otoño sin Berlín", 2015), Zorion Eguileor ("El Hoyo", 2019, "Agur Etxebeste!",2019) eta Elena Uriz ("Akelarre", 2020; "Tasio", 1984) dira.

Zinemetan estreinatuko da maiatzaren 14an, FANTa inauguratu eta astebetera.

'Ilargi Guztiak. Todas las lunas' filma Arcadia Motion Pictures, Kowalski Films, Pris&Batty Films eta Ilargia Films-en ekoizpena da, Noodles Production-ekin (Frantzia) koprodukzioan. EiTBk, RTVEk eta Vodafonek hartu dute parte, ICAAren finantzaketa du; eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, KOI eta SGRren laguntza. Filmax Espainiako zinemetan banatzeaz eta nazioarteko salmentez arduratuko da.

noticias de deia