Antzinako udal ordenantza eta akten artean ehunka ordu pasatu ditu Abel Ariznabarretak Auzobizitza Diman 1800-1936jorratzeko. Atzo aurkeztutako lanak udalerriaren historia hurbileko aldi bat jasotzen du; zehazki, XIX mendearen hasieratik 1936ko gerra zibila hasi arte Bizkaiko Jaurerriko landa-komunitate txiki baten gizarte-ingurunean izan ziren aldaketa esanguratsuenak kontatuz. "Dima da, baina ez da Dima bakarrik, bizitzeko modu bat baizik", azaldu zuen autoreak Antzasti Euskaldunon Etxea museoak -Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren babesarekin- kaleratutako lanari buruz. Liburua Antzasti-Euskaldunon Etxean eta Bilboko Euskal Museoan egongo da salgai.

Ariznabarretak azaldu zuenez, bere lanak "auzoa zentzu zabalago baten ulertuta" aztertzen du, hau da, "auzotasuna, etxea oinarrizko gune bezala hartuta". Izan ere, etxea da garai horretako erreferentzia nagusia gizabanakoak eta haien eskubideak eta betebeharrak identifikatzeko, beren inguruneko, auzuneko eta udalerriko gizarte-esparruan eta haien erakundeetan parte hartzeko orduan: kofradia eta elizatea. Auzotasun-harreman horien bilakaeraren ondorioz, bizikidetza-eremu jakin batzuk instituzionalizatuko dira. Horrek komunitate-proiektu interesgarriak sortzen ditu, auzoei zein elizateei dagokienez. Ariznabarretak guzti hori aztertu du, ordenantzek eta aktek deskribatzen duten antolaketaren bidez.

Horrela, tranbia komunikazio bidea izanik, Arratiara ere modernizazio zantzuak heldu zirela azaldu zuen. Foruen deuseztapenak, nazionalismoaren sorrerak eta autonomia estatutuaren aldarrikapenak izan zuen eragina ere aipatu zituen atzo. "Guzti hori planteamendu etnografiko batetik ikertu da, herriek gertaera hauek nola bizi izan zituzten erantzuteko", argitu zuen. Lehen Karlistaldian artxibo guztiak erre zirenez, 1935era arte ez dago informaziorik. Hala ere, Ariznabarreta handik eta hemendik ibili da -Zeanurin ere bilatu du- faltan zeuzkan datuak aurkitzeko. "Momentuko argazkia da", azaldu zuen Bilboko Euskal Museoaren klaustroan ospatu zen liburuaren aurkezpen ekitaldian.

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuaren esanetan, "liburu bat baino gehiago da: txikitasun handi bihurtu daitekeenaren froga bat da, ondarea bizirik dagoela erakusten du". Bere esanetan, "herri hori izan denaren errelatoa eskaintzen du, garaiko gizartea nola egituratzen zen azalduz". Bestetik, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak Antzasti Euskaldunon Etxea museoa goraipatu zuen, izan ere, "museo txikia izanik, gure sustraien erroak erakusten dizkigu modu interesgarri batean". Halaber, "ondare material eta inmaterialaren erakusgarri da. Bizi esperientziarekin zerikusia duten objektu asko erakusten dizkigu".

Antzastiren sustatzailea den Cristina Amezagaren esanetan, duela hiru urte abiatu zen "etxeari eskainitako museoa". Hala ere, azaldu zuenez, proiektuaren hazia hamarkada bat lehenago erein zuten, eta, orduan, beste aditu eta kultur eragileren artean, euren lehen kontaktua Abel Ariznabarreta izan zen. "Museoan etxearen kontzeptua ardatz hartuta gure historia hurbila beste modu batez kontatzen ahalegintzen gara, hain zuzen ere bi emakumeren begiradatik". Bere aldetik, Sorkunde Aiarza Euskal Museoaren zuzendariak Bizkaitik zehar dauden museoekin bat egitearen garrantzia aldarrikatu zuen, kultura zabaltzeko egiten duten lana azpimarratuz.