Udal liburutegian

Liburuaren hilabetea ospatuko du Tolosak apirilean

04.04.2021 | 04:00

TOLOSA. Apirilak eta literaturak harreman estua daukate. Hilaren hasieran, 2an konkretuki, Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta 23an, aldiz, Liburuaren Eguna. Hori dela eta, Tolosako Udalak egitarau berezi bat prestatu du hilabete honetarako, non udalerriko udal liburutegiak protagonismoa hartuko duen, bertan antolatuko baitira haur zein helduei zuzendutako ekintzak.

Alde batetik, Tomi Ungerer ilustratzailearen obra omentzeko, ikastetxeetan lantzeko hiru ipuin aukeratu dira: Hiru bidelapurrak haur hezkuntzan, 4 urtetik gorako haurrekin lantzeko, Lagun berriak lehen hezkuntzan, 6-7 urte bitartekoekin lantzeko, eta Otto ilaunezko hartz baten autobiografia liburua lehen hezkuntzan, 8 urtetik gorakoekin lantzeko.

Ikasleek ipuinari buruz marrazkiak egingo dituzte eta horiekin muralak osatuko dira. Muralen argazkiak liburutegiaren webgunera igoko dira eta apirilaren 30etik aurrera egongo dira ikusgai herritar guztientzat. Marrazkien egileen artean liburuak zozketatuko dira. Horrez gain, Tomi Ungereren beste hainbat obra mailegagarri egongo dira liburutegian. Guztiak bere lanaren inguruan sortutako interesgunean egongo dira.

Bestalde, hilabetean zehar gustuko liburuak gomendatzen dituzten haur eta helduen artean ere liburuak zozketatuko dira. Parte hartzeko hiru modu daude: instagram bidez story bat sortzea gomendioarekin @tolosako_liburutegia etiketatuz, argazkia emailez bidaltzea liburutegia@tolosa.eus helbidera edo, azkenik, liburutegira hurbiltzea gustuko liburuarekin eta bertan ateratzea argazkia. Gomendioen argazkiak ikusgai egongo dira Tolosako Liburutegiaren Instagram kontuan eta webgunean, eta apirilaren 30ean egingo da partehartzaile guztien artean liburuen zozketa.

noticias de deia