BILBO. Urtero bezala, hemen da zinemaren jaia den Zinebi jaialdiaren edizio berri bat. Arriaga Antzokiak jasoko du ekitaldi esanguratsu honen 62. edizioa, zeina azaroaren 13an hasi eta hilaren 20an, astebete pasata, amaituko den.

62. edizio honetako programazioa gaur goizean aurkeztu da prentsaurrekoan, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzi Gonzalo Olabarriaren, Kultura eta Hizkuntza Politikarako kontseilari eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriaren eta Zinebiko zuzendari Vanesa Fernándezen parte-hartzearekin.

Zinebi 62an 36 herrialdetako 121 film aurkeztuko dira guztira; 89 film labur, 5 film ertain eta 27 film luze.

Jaialdia lau sekzio nagusik osatzen dute. Lehenengoa, Nazioarteko Lehiaketaren sekzio ofiziala, zuzendari berrien lanari eskainita dago eta bi lehiaketatan banatuta dago: Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa eta ZIFF - Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketa, zeina, izenak argi adierazten duenez, zuzendari berrien lehendabiziko lanari eskainitako sekzioa baita; Beautiful Docs, dokumentalaren nazioarteko panoraman gertatzen ari dena islatzeko sekzio ez-lehiakorra; eta Bertoko Begiradak - Miradas Desde Euskadi sorta, Euskal Herriko ikus-entzunezko industriako ekoizle, zuzendari, teknikari eta profesionalei eskainitako sekzioa. lehiaketatik kanpo Euskadin ekoitzitako film labur eta film luze dokumentalez osatutakoa.

Jaialdian aurkeztuko diren filmen %50 baino gehiago emakumeek zuzentzen dituzte eta programazioaren %50 baino gehiago Estatuko estreinaldiak dira.

OHOREZKO MIKELDI SARIAK

Zinebik Ohorezko Mikeldi sarien bitartez goraipatu egin nahi du nazioarteko zine garaikidean diharduten emakume eta gizon garrantzitsuen ibilbide eta dimentsio artistikoa. Aurten, film laburretatik eta dokumentaletik abiatu diren hiru zinemagile handiri emango zaie garaikurra. Batetik, Jean-Pierre eta Luc Dardenne belgikarrei emango zaie saria, zeinak mundu osoko kritikaren eta ikusleen gorazarrea jaso baitute beren fikziozko lanengatik. Canneseko Jaialdian Urrezko Palma bi lortu dituzten zinemagile apur horietakoak dira. Hala, jaialdiak Estatu mailako estreinaldien artean, Dardenne anaien lehendabiziko film luze dokumentaletako baten bertsio berritua eskainiko du, Le chant du rossignol (1977).

Bestetik, 80ko eta 90eko hamarkadetatik Bizkaiko zinearen aitzindari izan diren bi emakumeren lana ere aitortuko du Zinebik aurtengo edizioan: Ana Murugarren zuzendari, gidoigile eta muntatzailearen lana batetik, eta Maria Eugenia Salaverri idazle, gidoigile eta ekoizlearena bestetik.

NAZIOARTEKO LEIHAKETA

Zinebiren 62. edizioan 101 herrialdetatik ekarritako 3.525 film labur aurkeztu dira; horietatik, Hautaketa Batzordeak 30 herrialdetako 60 aukeratu ditu Sail Ofizialean - Nazioarteko Lehiaketan parte hartzeko. Lan horietatik berrogeita hemeretzi estatu mailako estreinaldiak izango dira.

Titulo horiek, besteak beste, jaialdiko sari nagusia, 7.000 eurokoa, eta fikzio, animazio eta dokumental onenaren Mikeldiak lortzeko leihatuko dira: fikzioa (21 titulu), dokumentala (20 titulu) eta animazioa (19 titulu).

Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean 7 euskal zinegileek egindakoak dira eta 8 estatukoak. Parte-hartze handia eta askotarikoa, lehiaketak bere generoan duen nazioarteko dimentsioa egiaztatzen duena. Nabarmentzekoa da, gainera, lehiaketan parte hartuko duten filmetatik erdiak baino gehiago estatuko estreinaldiak dira. Nazioarteko lehiaketa-maila honekin, Zinebik bere nortasunaren ezaugarri nagusietako bati eusten dio, film laburrari. 1974an Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioak (FIAPF) nazioarteko lehiaketa kategoria goreneko jaialdi gisa aintzatetsi zuenetik, bost kontinenteetako zuzendari gazteen sormena eta talentua sustatzen jarraitzen du, formatu horretako hautaketaren bitartez. Horrez gain, Hollywoodeko Akademiak Oscar Sarien kalifikatzaile gisa hartzen du Zinebi, sariketa ofizialeko film laburren artean, eta BAFTA Sarietarako eta Goya Sarietarako jaialdi kalifikatzaile ere bada.

Zinebi 62an ere izango da opera prima film luzeei buruzko nazioarteko lehiaketaren bosgarren edizioa: Zinebi First Film (ZIFF). Aurreko urteetan bezala, bederatzi film luze estreinatuko dira Estatuan, eta 12.000 euroko Zinebi First Film saria lortzeko lehiatuko dira. Sari horren bitartez, Zinebik bide-laguntza eskaini nahi die film laburrean hasi eta film luzeetarako jauzia egin duten zine zuzendarien belaunaldi berriei.