BILBO. Bihar, ekainak 30, asteartea, Arriaga Antzokiak aste honetan hartuko dituen hiru ikuskizunetatik lehenengoa izango du lekua. Sol Maguna, Maribel Salas eta Gemma Martínezek osatutako Lalúlú Teatroren txanda izango da. Hirukoteak bere lan berria estreinatuko du, 'Desfasando que es gerundio'. Antzezlana stand up formatuarekin eszenaratuko da, eta umorez betetako ibilbidea proposatuko digu eguneroko bizitzako egoeretatik. Barreak bermatuta daude.

Uztaila Alicia Amo sopranoaren ahots ederrarekin hasiko da. Asteazkenean, uztailaren 1ean, igoko da Arriagako eszenatokira. Oraindik gogoratzen da duela hiru urte L’Orfeo ekoizpen lan propioan egin zuen Euridiceren interpretazio bikaina. Amorekin batera Rubén Fdez. Aguirre maisua arituko da pianoan, ondo bereizitako bi parte dituen programa eklektikoa duen kontzertuan. Lehenengo blokea Beethovenen abestiekin hasiko da, haren jaiotzaren 250. urteurrena ospatuz. Ondoren, Alemaniako Lied-aren munduan bere ondorengo garrantzitsuenetakoak izan ziren biren lanekin jarraituko du: Schubert eta Mendelssohn. Bigarren blokean, Alicia Amok beste ahotsaren moldakortasuna erakutsiko du, oso melodia sefardi ederrak interpretatuz. Emanaldian, gainera, Lucia Astigarraga antzezleak ere parte hartuko du, errezitatzaile bezala.

Ostegunean, hilaren 2an, aste honetako hirugarren eta azken ikuskizuna etorriko da, Asier Polo txelo-jole bikainaren kontzertua. Kritika espezializatuak bere belaunaldiko garrantzitsuenetakotzat jotzen du (2019ko Musikako Sari Nazionala, besteak beste). Arriaga Antzokiak ekoitzitako ikuskizuna Calixto Bieitok zuzentzen du, eta Sergio Verde artistak sortutako elementu bisual interesgarriak ere izango ditu. Musikara

mugatuta, Asier Polok berak azalduko du bere emanaldian egingo duena: “J. S. Bachen suiteek zerbait hipnotikoa dute. Lan soila, musika-tresna bat, interprete bat, ahots bakarra eta, hala ere entzuten hasten zarenean, ezinbestean gure barrura eramaten gaituen eta unibertsoaren eta ezezaguna denaren aurrean dugun erabateko bakardadeaz jabetzera garamatzan bidean murgiltzen zara. Agian, egia guztiak zalantza bilakatu diren eragin emozional sakoneko hilabete hauetan uneren batean denok bizi izan dugun introspekzioa. Eta hor ikusten da, humanismo sakoneko

mezuaren bitartez gure buruak edertasunera, ukitu ezin den eta maila jasoa duen horretara, irekitzeko gai den musika horren handitasuna. Proiektu horrek biolontxeloaren ahots sakonetik indarra eta itxaropena transmititu daitezkeela sinbolizatzen du niretzat, Bach-en suiteak introspekzioa direlako, bai, baina amaitzen direnean, badakigu mezu pertsonala eta intimoa, emoziozko ukitu arinak, adimena, armonia eta bizitzaren aurreko errespetua erakusten duen mezua, entzun dugula”