Etxepare Euskal Institutuak, Institut Ramon Lllullek, Consello da Cultura Galegak eta Instituto Cervantesek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, institutu horien berezko kultura eta hizkuntzek sustatzen dituzten ekintza komunetan parte hartzeko helburuarekin. Erakunde hauek euskara. katalana, galiziera eta gaztelania sustatzen dituzte, hurrenez hurren.

Euskaraz, katalanez, galizieraz eta gazteleraz sinatutako hitzarmen honek lau urteko iraupena izango du, luzatzeko aukerarekin. Modu digitalean eta bideokonferentzia bitartez sinatu behar izan dute Irene Larrazak (Etxepareko zuzendariak), Iolanda Batallek (Ramon Llluleko zuzendariak), Rosario Alvarezek (Conselloko zuzendariak) eta Luis Garcia Monterok (Cervanteseko zuzendariak). Adostu diren lan-esparruen artean, hauexek daude: berezko hizkuntzen eta kulturen ezagutza zabaltzea jatorrizko lurraldetik kanpo; kultura-jarduerak planifikatzea eta gauzatzea, adierazpide eta diziplina artistiko guztietan (erakusketak, kontzertuak, mintegiak, topaketak, etab.), kultura-aberastasuna eta aniztasuna erakusteko; edota erakundeen zentroetan zabaltzeko interesgarriak diren kultur programak edo ekimenak susta-tzea, sinatzaileen arteko lankidetza sendotuz.

Horrez gainera, batzorde misto bat jarriko da martxan, kultura espainieraz, katalanez, galizieraz eta euskaraz zabaltzeko jarduera horiek burutzerako orduan dagoen lankidetza-maila aztertzeko intentzioarekin.

Akordioa sinatzera bultzatu duten arrazoiak azaleratzeko txanda heldu zenean, Irene Larraza Etxepare Euskal Instituko zuzendariak, Anjel Lertxundi idazlearen esaldi bat ekarri zuen gogora: "Ez dago ezer unibertsalik, sostengu edo jatorri partikularrik ez duenik". Zentzu horretan, beste erakundeekin sinatutako akordioa euskal kulturaren nazioarteko-tzean mugarri bat gehiago dela azaldu zuen: "Zentzuduna da bidearen zati bat elkarrekin egitea eta aniztasuna elkar ulertzeko beste modu bat dela aitortzea".

Ildo beretik, Iolanda Batalle Institut Ramon Llulleko zuzendariak, elkarlanaren alde agertu zen: "Bidelagunak gara eta elkarrekin urrunago iritsiko gara, munduan zehar bakarrik ibiltzeak ez baitu zentzurik". Halaber, hizkuntza bakoitzaren berezitasunekin bat, elkarrizketa defenda-tzeaz gainera, batak besteak maita-tzeko beharra azpimarratu zuen Batallek. Azken honen harira, Ramon Llull institutuak 18 urteko ibilbidean pilatutako ezagutza partekatzeko asmo irmoa daukala adierazi zuen.

Rosario Alvarez Consello da Cultura Galegako zuzendariak, lau erakundeen artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren "garrantzi sinbolikoa" nabarmendu zuen: "Ezin ditugu hizkuntzak hesi edo konfinamenduko arma politiko gisa ulertu, mundua ikusteko modu osagarri gisa baizik". Beste era batean ere azaldu zuen bere helburua, erakunde bakoitzak bere berezitasunak baditu ere, "batzen gaituena bereizten gaituena baino gehiago" dela esanez.

Bideonkonferentziaren moderatzailea izan zen Instituto Cervanteseko Luis Garcia Monteroren aldetik, sentsazioak aurrekoek eskaini zituztenen antzerakoak dira, eta, bere institutuak izan duen papera azpimarratu zuen: "Poztasun eta esanahi handiko unea da hau. Jarduera hauek Cervantes Institutuaren bihotzean egon behar dute, bere aberastasun eta aniztasunaz harro dagoen Espainia baten irudia emateko ".

Dena den, lau institutuen arteko harremana atzetik dator. Joan den ekainean, Bartzelonan, Institut Ramon Llullen egoitzan bilera bat egin zuten. Bertan, lauren arteko lankidetza sustatzeko hitzarmen formal bat egiteko beharra ikusi zen, eta, horren ondorioz, lankidetza-bideak jorratzen hasi ziren bertan, sinatu berri den hitzarmenera eraman dituztenak jomuga komun batekin: Espainiako kultura eta hizkuntza ezberdinek nazioartean duten proiekzioa hobetzea.

Akordioaren bilakaera ikusteko aukera izango dute laurek 2021ean Frankfurteko Nazioarteko Liburu Azokan. "Espainia herrialde gonbidatua izango da edizio horretan, eta urrezko aukera izango da gaztelaniazko, katalanezko, galizierazko eta euskarazko lanen ikusgaitasuna zabaltzeko", aitortu zuen Luis Garcia Monterok. Aldez aurretik emandako urratsetara itzuliz, gogoratu beharra dago Buenos Airesko Liburu Azokan hartu zuela parte Cervantesek Ramon Llullen eta Bartzelonako Udalaren eskutik, edota euskal zinema Cervanteseko zentroetara iristeko Etxeparerekin eta Euskadiko Filmategiarekin sinatutako akordioa, edota Consellorekin adostutakoa. Azken honi dagokionez, aktibitateak burutzen dira Brasilen, galiziar eta portugaldarraren lotura beste inon baino indartsuagoa delako han. Oraingoz, hitzarmenean ez da konpromiso ekonomikorik zehazten erakundeen partetik, baina Cervanteseko zuzendariak azaldu zuenez, erakundeko kultur arloko aurrekontuaren zati bat horretara bideratuko du, eta, zubi lana egiten ahaleginduko da Kultura Ministerioarekin zein Liburuaren Zuzendaritza Nagusiarekin, kanpoko aurrekontu bat egon dadin.

"Ezin ditugu hizkuntzak hesi edo konfinamenduko arma politiko gisa ulertu"

Conselloko zuzendaria

"Bidelagunak gara, munduan zehar bakarrik ibiltzeak ez baitu zentzurik"

Ramon Lluleko zuzendaria

"Lertxundik zioenez, ez dago ezer unibertsalik, sostengu edo jatorri partikularrik ez duenik"

Etxepareko zuzendaria