Bilbo - Idazleen arteko elkarrizketak biltzen dituen ElkarrizKatea saioaren hirugarren edizioa otsailaren 20an hasiko da. Hala, Azkue Fundazioaren eta Booktegi plataforma digitalaren arteko lankide- tzari esker abiatuko da denboraldi berria, sortzaileen arteko solasaldiak Bilboko Euskal Etxean aurrera eramango direlarik.

ElkarrizKatea saioan, sortzaileek elkarren artean hitz egingo dute. Hala, "A idazleak B idazleari elkarrizketa egingo dio, hurrengo saioan B idazleak C idazleari, eta horrela katea osatu arte zazpi euskal idazle esanguratsuenetarikoekin", azaldu zuten atzo Azkue Fundaziotik, zeinak bigarrenez, Booktegirekin lankidetzan arituko da hirugarren edizioa babesteko.

Edizio honetan zuzeneko ekitaldiak antolatuko dira Euskararen Etxean. Ekitaldi irekiak izango dira, nornahi gerturatu ahalko da, eta Booktegik grabatu egingo ditu, gero bere plataforma digitalean argitaratzeko.

Orotara, lau ekitaldia antolatuko dira. Festa gonbidatuak izenburuko ekitaldia izango da lehena, otsailaren 20an: Katixa Agirrek Festa gonbidatuak ipuin-bildumaren solasaldi-emanaldia egingo du. Gainera, Booktegik liburu hori argitaratuko du egun berean bere plataforman. "Agirrek ipuinetako bat bizpahiru zatitan irakurriko du; etenaldietan, idazle edo kazetari batek galderak egingo dizkio Katixari; bukaeran, entzuleek galderak egiteko aukera izango dute", azaldu zuten Fundaziotik. Bestalde, maiatzaren 8an, Xerexaderen Festa egingo da. Adierazi zutenez, "Booktegin hiruzpalau ipuin argitaratuko ditugu bilduma berean. Azala Idoia Beratarbidek egingo du. Ipuinak Xerezaderen artxibokoek hautatuko dituzte, eta bere kideek irakurriko dituzte". Maia- tzaren 14an zutabegileen txanda izango da. Jose Mari Pastorrek, Onintza Enbeitak eta Xabier Etxaniz Rojok zutabegile lanaz gogoeta egingo dute.

Azkenik, urrian Ipuin solasaldia izango da. Aurreko asteetan, hiruzpalau idazlek ipuin bana plazaratuko dute Booktegin. Bakoitzak "enbata" hitzari erreferentzia egingo dio. - DEIA