BILBO. Hurrengo asteazkenean, otsailaren 12an, Bidebarrieta Kulturguneak "Eboluzioaren Teoria eta medikuntza: baterako kideak" izeneko solasaldia hartuko du Darwinen jaiotzaren 211. urteurrena ospatzeko. Hitzaldian Bilboko Basurtuko Ospitaleko mediku neurologoa eta UPV/EHUko Neurozientzien Saileko irakasle Luis Carlos Álvaro González eta La Lagunako Unibertsitatean Fisikan lizentziatua eta UPV/EHUn Zientzia, Teknologia eta Behaketa Espazialean doktoratutakoa den Itziar Garate Lópezek hartuko dute parte.

Ohikoa denez, hitzordua arratsaldeko 19:00etan izango da, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin. Ezinbestekoa izango da aurretik gonbidapena jasotzea, liburutegian bertan, BIHARTIK aurrera, lau sarrera pertsona bakoitzeko, gehienez ere. Leku guztiak betetzen direnean ez zaio inori aretora sartzen utziko, baina topaketa streamingez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

"Eguzki Sistemaren iragana, oraina eta etorkizuna" izenburuko hitzaldiaren bitartez, Itziar Garate López Eguzki Sistemak ezkutuan dituen sekretu guztiak argitzen saiatuko da, izan ere, astro mordo korapilatsu honek hainbat planeta, ilargi, asteroide eta kometa ditu inolaz ere apartekoa ez den izar arrunt baten inguruan biraka. Gainera, hitzaldiak izartegian ditugun auzokideak nola sortu ziren, harez geroztik nola aldatu diren eta egun norantz doazen ezagutzeko aukera ere emango du.

Itziar Garate Lopez La Lagunako Unibertsitatean Fisikan lizentziatu eta Zientzia, Teknologia eta Behaketa Espazialean doktoratu zen UPV/EHUn. Egun Bilboko Ingeniaritza Eskolako (UPV/EHU) Fisika Aplikatua I Saileko irakaslea da, eta aurretik, doktorego ondoko ikertzailea izan zen Sorbonne Université-ko Centre National d'Études Spatiales delakoan. Lurraren antzekoak diren Venus eta Marte planeten dinamika atmosferikoa da ikertzaile honen ohiko jardunaren ardatz, bereziki Venusko poloetako zurrunbiloen sorrera eta bilakaera.

Bestalde, Luis Carlos Álvaro González neurologoak medikuntza beste ikuspegi batetik aztertuko du "Eboluzioaren Teoria eta medikuntza: baterako bideak" deritzon hitzaldian. Hartara, arrazoi historikoen ondorioz, medikuntza eboluzioaren teoriari bizkar eginez garatu dela azalduko du, eta azken urteotan biak bateratzeko zabaldu diren proposamenen harira, mekanismo operatibo sinpleetan oinarritutako hurbilketak erraztu direla asaldura degeneratiboak, askotariko patologiak atxikiak dituen zahartzea, gaixotasun baskularrak, asaldura autoimmuneak eta hainbat infekzio eta migraina mota ulertzeko.

Luis Carlos Álvaro González Bilboko Basurtuko Ospitaleko mediku neurologoa eta UPV/EHUko Neurozientzien Saileko irakaslea da. Bere esparru klinikoari dagozkion 100etik gora lan argitaratu ditu eta zuzentzaile-lanetan jardun du Estatuko zein nazioarteko aldizkari espezializatuetan, zenbait argitalpen-batzordetako kidea izateaz gain. Era berean, sariak jaso ditu bere lehentasunezko jarduera-esparruetan, espezialitateari buruzko zenbait dibulgazio liburu idatzi ditu, eta parte-hartze aktiboa du eboluzioaren teoria ingurune klinikoan ikertu eta aditua ez den publikoaren artean zabaltzeko ahaleginean.

"Darwinen eguna" Bilboko Udalaren, EHU/UPVko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Zirkulu Eszeptikoaren artean sustatutako eta antolatutako ekimena da, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta El Correo egunkariaren babesarekin. Bidebarrieta Zientifikoaren urteko jarduera egutegiaren barruan dago. Ekimen horrek, zientzia jende guztiari era atseginean eta didaktikoan, hurbiltzeko helburua duten "Matematikak eguneroko bizitzan" edo "Zientzia egiten duten emakumeak" programak jasotzen ditu, besteak beste.

GONBIDAPENAK JASOTZEALekua:

Bidebarrietako liburutegia

Egunak: Otsailaren 7tik 12ra. Larunbatean eta igandean izan ezik.

Ordutegia: 10:00-14:00 // 16:00-20:00.

Gehienez ere 4 sarrera pertsona bakoitzeko