BILBO. Gaur, urtarrilak 31, hasi eta otsilaren 8ra arte iraungo duen Clermont-Ferrand Nazioarteko Film Laburren Jaialdiak 'Kimuak' euskal film laburren 2019ko katalogoko lanak jasoko ditu. Hala ere, otsailaren 3tik 6ra ospatuko den Marché du Film Court azokan egongo da 'Kimuak' baita ere.

Kimuak programak 22 edizio daramatza euskal laburgintzan ernatzen diren kimu onenak hautatu eta zazpi lanez osatutako katalogoa sortzen, gure lurraldeko talentuaren erakusgarri. Urtero, aukeratutako katalogoa mundu osoko hainbat jaialdi eta azokatara eramateaz arduratzen da; eta Clermont-Ferrand ezinbesteko geldialdia izan da edizio guztietan.

Kimuak-en 2019ko katalogoa honako film laburrek osatzen dute: Artiko, Josu Venero eta Jesus Mari Lazkanorena; El infierno, Raul de la Fuenterena; Labo, Jesús Mª Palaciosena; Leyenda dorada, Chema García Ibarra eta Ion de Sosarena; Lursaguak. Esenas de vida, Izibene Oñederrarena; Mateoren ama, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregirena; eta Medvedek, Ainhoa Gutierrez del Pozorena. Lan horiei buruzko informazio guztia hemen aurki daiteke.

Clermont-Ferrandeko Nazioarteko Film Laburren Jaialdia, film laburren esparruko munduko jaialdi garrantzitsuenen artean kokatzen da. Jaialdiak urtero film laburren azoka antolatzen du, programazioarekin paraleloan, eta mundu osoko programatzaileak, erosleak, eskolak eta erakundeak joaten dira bertara. Kimuak katalogoa ICAA (Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Espainiako Institutua) erakundeak kudeatzen duen "Shorts from Spain" izeneko espazioan egongo da, Espainiako beste autonomia-erkidego batzuetako programekin eta katalogoekin batera.

Horrez gain, Kimuak katalogotik kanpoko euskal film labur batek Clermont-Ferrand Jaialdiko Sail Ofizialean parte hartuko du; David P. Sañudok zuzendu eta Amania Films-ek ekoitzitako Un coche cualquiera lanak, hain zuzen ere.