bilbo - Mikel Albisu (1939-2020) aktorea hil zen joan den urtarrilaren 10ean minbizi batek jota. Karraka antzerki konpainia sortu zuen, Hospital Central edo Tierra de lobos telesailetan aktore moduan agertu zen eta Getxoko Itxartu Taldearen sortzailea izan zen algortarra beste gauza askoren artean, bere kurrikuluma hiru hauetatik baino askoz haratago badoa ere.

1965ean, 20 urte zituela, Akelarre taldean murgildu zen Luis Iturriren eskutik. Puntu horretan hasi zen bere ibilbidea, beti eszenatokietatik gertu mantendu zena. Izan ere, gero Rafael Alvarez, El Brujo, eta Jesus Jimenorekin kurtsoak egin zituen, ostera 80ko hamarkadan Espainiako zineman bere burua finkatzeko. Hamarkada horretan Siete Calles, Golfo de Vizcaya, edota Eskorpion filmetan agertu zen.

Hurrengo urteetan, bere unerik goxoenak bizi izan zituen Albisuk: Arantxa Lazkanoren Urte ilunak filmeko protagonista izan zen, eta Yoyes izeneko filmean, goitizen bereko etarraren aita gisa jardun zuen. Horien ostean, Mi hijo Arturo, Sin hogar edo Planta 4ª filmetan agertu egin zen bigarren mailako aktore bezala. Izan ere, 1996an Algortan Itxartu Taldera salto egin zuen unetik aurrera, bere ahaleginak proiektu honetara bideratu zituen gehienbat. Antzerki eskola baten antzera funtzionatzen zuen Itxartu Taldeak bera zuzendari zenean, eskarmentu handiko interpreteak beste hasiberri batzuekin elkartzean. Itxarturekin, Lorcaren La zapatera prodigiosa, Valle Inclanen Luces de bohemia eta Jardiel Poncelaren Angelina o el honor de un brigadier bezalako lanen muntaiak burutu zituen. Hauek izan zuten irakurketa dramatizatuen ondorioz, Espainiako Antzerki Egileen Elkarteak Arriagara gonbidatu zuen Itxartu.