ERMUA. Ermua Antzokiak funtzio berezi bat hartuko du hurrengo ostiralean, urtarrilak 24, Mikel Losada aktore ermuarra 'Ocaña' antzezlanarekin bere jaioterrian egongo baita. La Dramática Errante konpainiaren obra hau 70eko hamarkadako Bartzelonan girotuta dago, diktadura frankistaren azken urteetan.

Jose Perez Ocaña margolari sevillarra bere margolanak aurrera atera eta mundua aldatzeko borrokan aritu zen. Lehia politikoari eta homosexualen aldarrikapenei estu lotuta zegoen Ocaña, eta Kataluniako hiriburuko Rambletan izandako gertakari entzutetsuetan protagonista izan zen Camilo eta Nazario lagun minekin batera.

Askatasunaren bila ibili zen etengabe, eta Cantillana jaioterrira egindako aldizkako bisitetan, bere familiaren onespena bilatzen saiatzen zen margolaria, bere benetako izaera onartu zezaten. Maitasunik ezaren samina eta inoiz ulertu ez zuen gizartearen mespretxua jasan zituen. Orain, berpiztu egin da Ocaña, bere historia ezinbestez kontatu beharrekoa baitzen.

Unai Izquierdok idatzi du istorio berezi hau, eta Maria Goiricelaya zuzendariaren agindupean ikusiko ditugu Mikel Losada, Itziar Lazkano, Diego Perez eta Izquierdo bera. Zuzendariaren hitzetan, Ocaña "askatasunaren eta ezberdina denaren aldeko oihua da; errepresioaren aurkako pizgarri bat, gure eskubideen aldeko borroka islatzeko artistari egindako omenalditik harago doana. Ocañaren figura berreskuratzen duen ikuskizun lotsagabe eta hunkigarria, Espainiako trantsizioan diktadura frankistaren aurkako erresistentziaren ikonoa eta Espainiako artearen historiografiak ahaztutako figuretako bat baita". Era berean, Goiricelayak azpimarratu du margolari anarkista eta LGTB aktibistaren historia kontatuko dutela, "jendeak triste egoteari utzi" zezan borroka egin baitzuen.

Ocaña ostiral honetan izango da ikusgai, urtarrilak 24, 22:15etik aurrera, Ermua Antzokian. Sarrerak salgai daude 10 euroren truke Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotarako kutxazainetan, Kutxabanken webgunean eta, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, Antzokiko leihatilan.