BILBO. Salgai dago dagoeneko 'El compositor Carmelo Bernaola (1929-2002). Una trayectoria en la vanguardia musical española' izeneko liburua. Obra Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratu du, Eresibelekin eta Musikenerekin batera, eta konpositorearen bizitza kontatzen da bertan.

"Musikari buruzko ikerketa gutxi zegoen unibertsitate arloan Euskadin, eta, horregatik, aukera ona iruditu zitzaigun argitalpena egitea, hutsune horiek betetzen joateko. Gainera, Bernaolari buruzko lanaren bereizgarria da egilearen ibilbide osoa hartzen duela, ez beste liburu batzuetan jorratu diren alderdi solteak. Gainera, doktorego tesi baten ondoriozko lana da; hots, unibertsitate mailako ikerketa bat, ez dibulgaziozko liburu bat", nabarmendu du Ismael Manterolak, Arte textos bildumaren -horren barruan argitaratu da lan hau- zuzendariak.

Argitalpena Daniel Moro Vallinaren tesiaren egokitzapen bat da, eta Carmelo A. Bernaolaren (Otxandio, 1929 - Madril, 2002) bizitza eta musika jasotzen ditu. Orkestrarako lan ugari eta zinema eta telebistarako 100 soinu banda baino gehiago konposatu zituen, eta, hain zuzen, 51ko Belaunaldiaren konpositore adierazgarrienetako bat izan zen. "XX. mendearen bigarren erdiko euskal musika sortzaile originaletako bat da", esan du Jon Bagüések, Eresbileko (musikaren euskal artxiboa) zuzendariak.

Liburu honek Bernaolaren musika akademikoa ikertzen du, 1. kuarteto (1957) goiztiarretik Fantasías (2001) azken lanera. Gainera, gutxi ezagutzen diren beste genero batzuk ere aipatzen ditu; tartean, eliz musika eta enkargatu zizkioten ereserki, martxa eta sintoniak. "Konpositorearen lagunek eta senideek hari buruzko anekdotak kontatu zizkidaten; esaterako, garaiz entregatu zuen konposizio gutxietako bat Athletic-en ereserkiaren orkestrarako egokitzapena izan zela. Alderdi gizatiar hori islatzen da liburuan. Gainera, erreportaje eta elkarrizketa ugari daude, abangoardiako konpositorearen profiletik urrun dagoen irudi herrikoia erakusten dutenak.

Egilearen obrak arakatuta, XX. mendearen bigarren erdian Estatuko musika abangoardiaren garapena markatu zuten egitate nagusiak ezagut daitezke. "Abangoardiako sortzailea izan zen, eta bere legatu ukaezinak euskal musika inpregnatu du", esan du irmo Miren Iñargak, Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak.

Carmelo Bernaolari buruzko liburua Arte textos bildumaren barruan argitaratu da: artearen munduari buruzko ikerketen ondoriozko monografiak biltzen ditu, eta orain dela urtebete Pablo Sorozabalekin hasitako musika eta antzerki ildoari jarraitutasuna ematen dio.