BILBO. Bihar, hilak 16, arratsaldeko 19:00etan, Jean Claude eta Colette Rabaték "Miguel de Unamuno (1864-1936). Convencer hasta la muerte" liburua aurkeztuko dute Bidebarrietan. Idazle biak Unamunoren bizitzan adituak dira, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikide katedraduna den Antonio Riverarekin egongo dira aurkezpenean. Bidebarrieta Kulturgunean egindako aurkezpenetan egin ohi den bezala, sarrera librea egongo da aretoa bete arte, eta joan ezin direnek streaming bidez jarraitu ahal izango dute www.kulturguneatb.eus webgunean.

Jean-Claude Rabaték Bilboko pentsalariaren bizitzari eta lanari buruzko zenbait alderdiri buruzko sei liburu egin ditu, berrogei urte baino gehiagotan idatzi den lehenengo biografia barne, argitaratu gabeko dokumentuetan oinarritutakoa. Colette Rabatérekin batera egindako “En el torbellino” aurreko lanean, Miguel de Unamunoren azken hilabeteak berreraikitzen ditu, bere idazkietan ?pribatuetan edo publikoetan? oinarrituta, Errepublika garaiko urte gorabeheratsuak ere hartuz. Bertan, altxatutako militarren aurrean irakasle zaharrak zituen jarrerak argitzen dituzte, sarri askotan itxuraz kontrajarriak ziruditenak.

“Miguel de Unamuno (1864-1936). Convencer hasta la muerte” izeneko biografia berri horretan, Miguel de Unamunoren bizitza pribatuko eta publikoko funtsezko alderdiak jasotzen ditu, bere hitzetan zorrotz oinarrituz: egunerokoak, gutun-liburuak eta kazetaritza lana. Datu berriak ematen ditu, egilearen bizitza eta izaera berriro aztertzen laguntzen duten eta orain arte argitaratu barik egon diren dokumentuei esker, bere existentziako funtsezko uneak argituz, Bigarren Errepublika garaiko urteak eta 1936ko urriaren 12ko “hitzaldi” ezaguna, batez ere.

Jean-Claude Rabaté hispanista frantsesa, Parisko Sorbonne Berria Unibertsitateko katedraduna, aditua da Unamunoren figuraren azterketan eta, horrela, ‘Unamunologoa” dela esaten dute. Colette Rabaté historiagilearen bikotea da, eta hainbat lan egin ditu berarekin. Colette Rabaté Espainiako Hizkuntza, Literatura eta Zibilizazio irakasle titularra da Tourseko “François Rabelais” Unibertsitatean. Espainiako literatura eta historia kultural garaikidea ikertu ditu batez ere, eta idatzi dituen lanen artean hauek daude: “Le Temps de Goya (1746-1828)” (Nantes, 2006), “¿Eva o María? Ser mujer en la época isabelina (1833-1868)” (Ediciones Universidad de Salamanca, 2007) eta baita “Miguel de Unamuno. Biografía” (Taurus, 2009) eta “En el torbellino”, azken biak Jean-Claude Rabatérekin lankidetzan.