BILBO. Quebeceko eta Euskadiko 80 eragiletik gora elkartuko dira egun hauetan Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Iñigo Urkulluk lehendakariak harrera egin zion atzo, Lehendakaritzan, Quebecetik etorritako delegaritzari. Ordezkariek egingo diren kultur topaketa profesionaletan hartuko dute parte, 60 eragilerekin euskal batera.

Ekitaldiak Quebec eta Euskadiren arteko kultur harremanak estutzea du helburu, eta 2020. urtean zehar Quebecen euskal kultura denboraldi bat gauzatzeko lehen urratsa izango da. Topaketa honek Quebec eta Euskadiren arteko MOU edo Elkar-Ulermenerako Memorandumean du jatorria.

Izan are, 2017. urtean Lehendakariak eta Quebeceko Lehen Ministroak sinatu zuten hitzarmenean jasotako lankidetza esparruetako bat da kultura, ingurumena, garapen ekonomikoa eta berrikuntzarekin batera. Gaurko harrera ekitaldian, Lehendakariarekin batera, bertan izan dira, besteak beste, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria.

Gaurtik hasita eta ostiralera arte, Quebec eta Euskadiko kultur eragileen arteko topaketa antolatu du Etxepare Euskal Institutuak, elkar ezagutzea areagotu, bi herrialdeen arteko kultur trukaketak sustatu, bi aldeetako sorkuntza eta hedapena bultzatu, esperientzia eta ezagutza trukatu, eta kultur erakusleihoak eratzeko helburuarekin. Guztira, arte eszenikoen, zinema eta ikus-entzunezkoen, literaturaren, musikaren, artearen eta hizkuntzaren alorreko hogei bat quebectar eragile, publiko zein pribatu, eta hirurogei bat euskal eragile bilduko dira Gasteiz, Donostia eta Bilbon antolaturiko jardueretan.

Hiru eguneko topaketa honek agenda anitz eta betea izango du. Gaur, Lehendakariaren harreraren ostean, Quebec-Euskadi lankidetza hitzarmenaren inguruko azalpena eman dute Etxepare Euskal Institutuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. Ostera, hiru egunetan, egitaraua antzerakoa izango da: azpisektoreka banatutako euskal eta quebectar kultur eragileen arteko buruz buruko bilerak, hiri bakoitzeko gune kultural garrantzitsuenetara egindako bisitekin tartekatuko dira, hala nola Bilboko Arte Ederren Museoa, Gasteizko Santa Maria katedrala, Pasaiako Albaola Itsas Faktoria edota Donostiako Tabakalera.

Hain zuzen ere, Quebec eta Euskadiko kultur eragileen arteko lankidetza, eta artista, sortzaile eta kultur industrien hartu-emana sustatzeko helburua duen Quebec-Euskadi 2020-2021 egitasmoa da bi herrialdeen arteko lankidetzaren emaitzetako bat. Etxepare Euskal Institutuak eta Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioak bideratuta, euskal kultur denboraldi bat egingo da Quebecen 2020an. Egitasmoak joan-etorriko ibilbidea izango du, 2021. urtean gauza bera egingo baita quebectar sortzaileekin Euskadin. Egitasmo horren lehen mugarria izango da gaur bertan hasi den kultur topaketa profesionala.

Horrez gain, bi lurraldeen arteko harremanak beste ondorio batzuk izango ditu. Horietako bat, Etxepare Euskal Institutuak Montrealgo McGill Unibertsitatearekin sinatu berri duen Euskal Kulturari buruzko Katedra berri bat martxan jartzeko hitzarmena da, 2019-2020 ikasturtean hasiko dena.