Bilbo - Gero eta euskarazko doktorego tesi gehiagok jasotzen dute nazioarteko kalifikazioa. Hala adierazi zuten atzo EHUko eta Euskaltzaindiako ordezkariek Akademiaren egoitzan egin zen Euskarazko tesien VI. Koldo Mitxelena sarien banaketan.

Nekane Balluerka EHUko errektoreak adierazi zuenez, “zientzian, beste hainbat diziplinetan bezala, kantitatea baino garrantzitsuagoa da kalitatea, eta euskarazko doktorego tesien artean gero eta tesi gehiagok lortzen dute nazioarteko kalifikazioa”. Izan ere, 2018an 33 tesi defendatu ziren euskaraz, eta horietatik 17, nazioartekoak izan ziren, aurreko urtean baino bi aldiz gehiago.

Hala, Euskaltzaindiak eta EHUren arteko elkarlanaren ondorioz sortutako euskarazko tesien VI Koldo Mitxelena sariak; bi urterik behin egiten direnak; bost jakintza arlotan banatzen dira: Zientziak; Ingeniaritza eta Arkitektura; Osasun Zientziak, Gizarte eta Legen Zientziak eta Artea eta Gizan Zientziak.

Aurten Asier López, Olatz Pérez, Mikele Macho, Juan Mari Aguirreaurreta eta Miren Ibarluzea izan dira irabazleak. Hala, “euskarazko tesien ekarpen bikoitza” goraipatu nahi dute, alde batetik, jakintzaren arloa, zien- tziaren arloa, zabaltzen laguntzen dutelako; eta beste alde batetik euskararen normalizazio prozesuan egiten duten lanagatik. Hala, lana saritzeko, diploma eta 2.000 euroko diru kopurua jaso zuen bakoitzak.

“Ikerkuntza ezinbestekoa da nor eta zer izan nahi badugu”, Adolfo Arejita, Euskaltzaindiako Ikersailburuaren esanetan, eta horregatik ikerketa gizartearen eskuetan jarri behar dela azpimarratu zuen. Eta hori da hain zuzen ere tesi hauek bermatzen dutena; ikerketa lanak gizarteratzea eta euskararen erabilera eta zabalkundean laguntzea. Balluerkak ere, adierazpen hori berretsi zuen: “euskara prestigiatzen dute lan hauek. Errealitate bat berresten dute Mitxelena sariek; ikusgarritasuna ematen dio eguneroko jarduera bati”.

Euskararekiko konpromesua Euskaltzaindiak 100 urte betetzen dituen ikasturtean, Andres Urrutia euskaltzainburuak bere sorreran Akademiaren helburua zein izan zen gogoratu nahi izan zuen, hau da: “ikerketa zientifikoan euskara sustatzeko”, eta baita “euskararekiko konpromesua mantentzeko eta aurrera eramateko”. Hala, erakundearen ibilbide osoa omentzeko asmoz, Eusko Ikaskuntzarekin batera, Ibilbidearen Elkar saria jasoko du gaur, euskal fundazioaren eskutik arratsaldeko 19:00etan Andoaingo Bastero kulturgunean.