Gasteiz - Korrika Kulturalak sei estreinaldi izango ditu aurten, eta ehunka ekitaldi antolatuko ditu Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Elkarlana izango da aurtengo Korrika Kulturalaren izaeraren ardatza. Hala jakinarazi zuen atzo Asier Amondo Korrikako arduradunak, hainbat artistarekin batera Gasteizko Baratza aretoan eskainitako prentsa agerraldian.

Aiko dantza taldeak zabaldu zuen atzoko ekitaldia, Garaikideak izenburuko lanaren lagin batekin. Porrotx pailazoa ere egon zen bertan, Pirritx eta Marimototsekin sortutako Musua ikuskizuna aurkezten.

Zehazki, Garaikideak lana, Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Zabala musikariaren Enkarguz sormen proposamena, Hortzmugaren Jule kale antzerkiko ikuskizuna, Beñat Krolem artistaren Oholtza performance proiektua, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Musua eta Loraldia Festibalarekin elkarlanean aurkeztuko den Kalaportu ikuskizuna izango dira aurten eskainiko diren estreinaldiak.

Amondok nabarmendu zuenez elkarlana da Korrika Kulturalaren oinarria eta herritarrei dei egin zien “klika egin dezaten, euskarazko kultura sortu eta kontsumi- tzeko, euskal komunitatea sortzen jarraitzeko, euskararen aldeko konpromisoari klika”. - E. P .