Síguenos en redes sociales:

Iraganaren arrastotik, etorkizunari so

70. hamarkadako soinu fresko eta sendoak erabiliz, kontzertu biribila eskaini zuten eskean kristö taldekoek

Iraganaren arrastotik, etorkizunari so

Begiak zarratu eta denboraren tunelean atzera egiteko aukera egon zen atzo BBK Liven, Eskean Kristönen eskutik. Beraiek inauguratu zuten jaialdiaren bederatzigarren aldia, Sony karpa erraldoiaren epelean, arrastiko seirak hogei gutxiagotan. Taldearen soinu sendo eta errepikagarriak entzunda, batek irudika zezakeen Robert Plant iharra eszenatokiaren gainean, bere imintzio demasetan kiribilduta, edo pentsa zezakeen une batez Jimmy Page handia zegoela oholtza gainean, aurpegia ilun, tximu beltzen atzean mamu, bere gitarra bikoitza zirikatzen. Distantziak distantzia, Eskean Kristön taldeko bost mutilek dantzan jarri zituzten bertaratutako guztiak, gitarra gogor eta melodia sinple baina indartsuak erabiliz, guztia Pello Artabe abeslariaren batutapean.

Iraganeko kutxazarretik erreskatatutako arropa gutxi batzuekin lagundu zioten musikari: alkandora loradunak, betaurreko beltzak eta belaunera arteko kanpera marroiak. Atrezzo ondo zaindua: jantzita bai, mozorrotuta ez. Eta hori dena freskotasun izugarriarekin nahastuta. Arratiako boskotearen hiztegiak ez du konplexu berba jasotzen, eta lehenengoko momentutik eszenatoki osoa bete zuten, dantza, orro eta keinu probokatzaileekin. Pello Artaberen ahots garratzak kontrapuntua jartzen zion Peio Artetxeren baxu bihurriari, Imanol Arresek bateria gupidarik gabe astintzen zuen bitartean, izerditan blai. Hori bai, Alex Harillo eta Aritz Ontalvillaren gitarra boteretsuek markatzen zituzten erritmoen menera joan ziren zazpi abestiak: sei jatorrizkoak eta bertsio bat (Rolling Stones-en Jumpin’ Jack Flash). Hausporik hartzeko astirik gabe jo zituzten Zazt 10, Egin kasu, Kolkoa bete diru, Captain putrefaction, Kontrolik barik eta Iguana. Urrian kaleratuko duten estreinako diskoan sartuko dituzte zazpiak (gehi beste bi), 70. hamarkadako doinuen herentzia gogoratzen duten pieza ilun samarrak.

Arratiako mutilek dena eman zuten atzo 25 minututan, atmosfera aztoratzailea sortuz. Akabuko abestian (Iguana) zaleak zirikatu zituen Pellok, beraiengana hurbildu eta koroak eskatuz. Ondoren, Jack Daniel´s boteilari zurrupada galantak emanez ospatu zuten guztiek unea, beraien ibilbidean jada historiko bihurtu dena.

Ondo da. Esnatu gaitezen. Ez genituen The Who edo Led Zeppelin ikusi, baina haien arnasa heldu zitzaigun, lipar batez, Kobetamendiko tontorrera. Eskean Kristö, bizi-bizirik dauden animalia basenak, nork otzanduko ditu?

gogoa zubi Aurrera egiteko gogorik ez dute falta Eskean Kristö taldeko bost musikariek. Aspaldiko Nagi Faktori-ren errautsetatik jaio zen talde berria, 2011n, eta Zeanuriko jaietan atera ziren jendaurrera lehendabizikoz. “Gazteak ginen, 17-18 urte genituen, usardia handiz ibiltzen ginen orduan, baina musikalki berde samar geunden”, aitor-tzen dute orain. Leño edo Barricadaren bertsioak egiten hasi ziren, Maneras de vivir eta Todos mirando bezalako abestiekin probatuz. Orduko hartan, maketa ere grabatu zuten.

Baina Bartzelonako Euskal Etxeak antolatutako lehiaketan nabarmendu eta gero Azkue Fundazioak antolatutako Banden Lehia irabazi zuten, 2013an. Gogoa zubi, etorkizunari so daude orain arratiar gazteak. “Erakutsi nahi dugu kanta politak egiteko kapazak garela eta bitartean geure bidetxoa egiten ari gara, astiro-astiro”, onartzen dute.

Urrirako estreinako diskoa iragarri dute, Baga-Biga zigiluarekin kaleratuko dutena. Kanta gogorrak, soinu kutsakorrez josiak, eta pare bat balada, Artabek agintzen duen legez. Berak egiten ditu letrak: “Erreibindikazioak, gaur egungo egoera, politikari ustelak, gaueko kontuak... Horretaz hitz egiten dute abestiek, eta katxondeoa ere badago, jakina”.